Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko EAJk Soreasuren erabilera sustatzeko «erabateko inplikazioa» eskatu dio udal gobernuari, «Azpeitian kulturaren arloan lan egiten ari diren erakunde guztien erreferentzia-gune eta topaleku bihur dadin behingoz».
Alderdi jeltzaleko bozeramale Aitor Gorrotxategik adierazi duenez, hiru urtez Udal Gobernua duen Bildu alderdiak«bazterrean utzi» du udal osoaren onarpena izan zuen proiektua. Hiru urtez Soreasuren erabilpena sustatzen hasteko diru partidak eskatu dituztela adierazi dute, eta orain arte «ezetza» jaso dutela erantzun bezala, harik eta aurten 150.000 euroko diru-partida onartu den arte. Soreasukoa «lan faraonikotzat kalifikatuz hura gaitzestea, eta Sanagustinen aldeko apustua soilik egitea» gaitzetsi dute jeltzaleek.
EAJk eskatu du, lehen fase batean, Soreasun lokalak egokitu daitezen Musika Banda eta Julian Barrenetxea abesbatzarentzat, «kulturguneak dituen ahalmenak aprobetxatzeko lehenengo urrats moduan» eta urtea amaitzerako hara joan ahal daitezen «beharrezko erabakiak hartzeko» eskatu du.
Soreasu eta Sanagustin «erabat osagarriak» direla adierazi dute jeltzaleek, «bi erreferentzia puntu izan behar dute, kultur mugimenduak berrindartu eta jarduera berriak sor ditzaten». Udalak «ahalegin guztia» egin behar du EAJren ustez, «Soreasu barruko espazioak eta ekipamenduak osatzeko, kultur azpiegitura honen eta Sanagustinen arteko jarduerak bultzatu, eta hirigune historikoa bera ere berrindartzeko baliagarri» izan daitekeelakoan.
Hain zuzen ere, gaur arratsaldean egingo den ohiko udalbatzarrean, Azpeitiko Elkar-ekin Aldaketa Herritik elkarteak egindako eskaerari erantzunez, Soreasuko lokal bat elkarteari denbora batez uzteko erabakia hartuko da, Elkargunearen proiektua bultzatu asmoz.