[caption id="attachment_101441" align="alignleft" width="300"]

Txatarra kargatzeko makina bat, garai batek eraman dezan prestatua. LAB[/caption]
Inoiz «ganorako informaziorik» jaso ez badute ere, lantegian azkenaldi honetan «mugimendu arraroak» nabaritu dituztela adierazi dute Corrugados Azpeitiako
LABeko ordezkariek. Jakin izan dutenez, «biltegia husten eta beste hainbat ibilgailu mota» ateratzen ari dira Azpeitiko lantegitik, «bi lagarto, hondeamakina bat, txatarraren garraiorako bi makina, erregaitarako kamioi bat eta garabiren bat» atera dituztela jakin ahal izan dute langileek. Makina horiek saltzeko asmotan atera ahal izan dituztela jakin ahal izan dute, gainera.
LABek gogorarazi duenez, Corrugados Azpeitia ixteko espedientea Auzitegi Gorenaren esku dago une honetan. Horreagatik, ebazpen hori iritsi bitartean tresneria lantokitik ezin dela atera uste dute langileek, «ebazpena langileon aldekoa balitz, lantokiak lanean hasteko moduan egon behar duela dio legeak, eta gauzak nola mugitzen ari diren ikusita, Gallardo ez da legea betetzen ari», uste dute.
Gauzak horrela, LABeko ordezkariek salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan eta adierazi dutenez, ez dute etsiko «Gallardo taldeak jokamolde duen bidegabekeriari aurre egiteko orduan». Lan ikuskariari lantegira joan eta lehen zegoenaren makineriaren eta gaur egun dagoenaren arteko konparaketa egiteko eskatu diote, eta segurtasuneko langileekin hitz egiteaz gain, segurtasun kameratako grabazioak eskatu ditzan galdegin diote, «hark horretarako eskumena baitu».
Sindikatuak oroitarazi duenez, Gallardok oraindik «langileekin tramitazio soldaten eta plus ezberdinei loturiko zorrak» ditu.
Abuztuan urte bat beteko da Corrugados Azpeitiako azken langileak kaleratu eta lantegia itxi zutenetik. Pasa den urtarrilaren 27an Espainiako Auzitegi Nazionalean txostenaren inguruko epaiketa izan zuten, eta martxoan jaso zuten ebazpena: epaileak babestu egin zuen Gallardoren iraungitze txostena. Hala, langileek Auzitegi Gorenera jo zuten eta haren ebazpenaren zain daude dira gaur egun. Kaleratzeak hasi aurretik 300 langile zituen enpresak.
Lasaon «normaltasunez»
Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude Corrugados Lasaon ere. Izan ere, Corrugados Azpeitiarekin batera ezarritako lana erregulatzeko txostenak, Lasaoko lantegiko 38 langile kaleratzea jasotzen du. Edonola ere, Lasaon apiriletik hona «normaltasun arraro» batean ari dira lanean, langile batzordeko kide Imanol Larrañagak Urola Kostako Hitzari adierazi dionez. «Ebazpenaren eta gerta daitekeenaren zain gaude baina, gaur egun 29 langile ari gara lanean Lasaon. Eskaerak baditugu eta burdina ere ekartzen digute», dio Larrañagak. Enpresak lanerako lehengairik ez ekartzea salatu zuten, hain zuzen, Lasaoko beharginek azken hilabeteetan. «Guk beti esan izan dugun moduan, hemen lana egon badago, eta hori ikusten ari gara, lantegia martxan baitago gaur egun ere», adierazi du.