Estatxa askatu eta arraun denboraldia abiatu dute eskualdeko traineruek. Azken urteetako hasierarik onena izan da, uda hasi berritan bi bandera irabazi baitituzte: Oriok Bartzelonan (Herrialde Katalanak) jokatu zen Euskadi Basque Country Bandera irabazi zuen atzo, eta TKE Ligako buruan jarri da.
Haizea izan zen Bartzelonako jardunaldiko protagonista nagusia, eta oriotarrena izan ziren egoera zail horretara hobekien egokitu zen trainerua, 21:55:02ko denbora egin zuen traineru horiak. Orio Babyautok erakustaldi ederra eman zuen hirugarren txandan, eta hobetuz joan zen estropada aurrera egin zuen heinean. Igor Makazagaren mutilak aldea irekiz joan ziren euren txandako kideekiko, baita ordura arte aurreko txandetan denborarik onena egin zuen Urdaibai traineruarekiko ere. Oriotarrek, ondorioz, San Miguel Ligako lehen postua bereganatu zuten. 32 segundo atera zizkion Oriok bigarren izan zen Urdaibai Aviari, eta 46 segundo Kaiku Ambilamp hirugarren taldeari.
Zumaiak Elantxobekoa
Zumaiako traineruak KAE 1 Ligako bigarren jardunaldian Elantxobeko Bandera irabazi zuen; dela dela, traineru gorriak ez zuen garaipena eroso eskuratu, estropadan zehar 16 segunduko aldea atera ondoren, getariarrek estu jarraitu baitzieten zumaiarrei. Eskualdeko bi taldeak bi segundoko aldearekin iritsi ziren helmugara.
Zumaiako Arraun Elkartetik adierazi dutenez, mutilei «indar handia» emango die asteburuan lortutako garaipenak, «banderak ez baitira astebururo lortzen». Telmo Deun traineruak, gizonezkoetan lortu zuen azken bandera esaterako, 2010ean Lekeition izan zen. «Denboraldia hasi baino ez da egin, eta ikusiko dugu gauzak nola doazen. Baina, egia da aurrean egoteko moduan gaudela ikusten ari gara, eta orain estropadetara joan gaitezke banderagatik borrokan egiteko ilusioarekin», azaldu du elkarteko presidente Luixo Osak.