Konpostatzaile berriak lortzeko kanpaina abiatu dute Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 30a

Ezkerretik hasita, Ecovidrioko Oscar Acedo, Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Mikel Goenaga zinegotzia. Amaia Ventas Etxean eta auzoan konposta egiteko plana aurkeztu dute gaur Zarautzen Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak eta Mikel Goenaga Zarauzko Herrilaneko zinegotziak. 2012-2013ko eskualdeko planaren jarraipena da honakoa, baina berrikuntza bat du: oraingoa herriz herri egingo dute. Bi helburu nagusi ditu: batetik, erabiltzaile berriak lortzea, etxean konposta egiteko ezaugarri eta aukera duten ahalik eta etxebizitza gehienetan konposta egiteko; eta bestetik, auzoan konpost egiteko gaur egun martxan dauden auzokonposta guneei jarraipena egitea. Horretarako hainbat ekintza egingo dituzte. Lehen jarduera uztailaren 5ean izango da, larunbatean. 11:00etatik hasita  errefusa jasotzeko bi edukiontzi irauliko dituzte, eta bertan jasotako hondakinak aztertuko dituzte, herritarren arreta eta jakinmina pizteko. Horrez gain, errefusaren edukiontzira zer nolako hondakinak botatzen diren ikusarazi nahi da, eta horietatik zeintzuk eta zenbat birziklatu daitezen erakutsi. "Erakutsi nahi du birziklapenari dagokionez oraindik asko dagoela egiteko", nabarmendu du Guruzetak. Pasa den hilaren 7an egin zuten hondakinen karakterizazioa Zarauzko Musika Plazan; oraingoan malekoian egingo dute. Era berean, herritarrek etxean sortzen dituzten hondakin organikoak etxean bertan konposta ditzaten bultzatuko dute, eta horretarako  konpostagailua jar dezaten sustatu. Plan horri esker, egun Zarauzko 183 familiak egiten dute konposta etxean, eta udalaren zein mankomunitatearen helburua kopuru hori areagotzea da, bereziki landa eremutan. Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrei zuzendutako plana da honakoa, eta erabiltzaileek baldintza bakarra bete beharko dute: etxean lorategia ala baratza edukitzea. Izan ere, konpostagailua etxetik kanpo jarri behar da. Interesa dutenei ikastaro bat eskainiko diete, ordu eta erdi ingurukoa. Halaber, konpostagailu bat emango diete familia bakoitzeko eta erabiltzeko argibideen eskuorria eman ere bai. Doan izango dira konpostagailua zein ikastaroa. Etxean zein auzoan konposta egin nahi dutenek 943-554874 telefonora deitu dezakete edota konposta@urolakosta.org helbidera idatzi. Beira gaika biltzea indartu Egun Zarautzen beira jasotzeko 117 edukiontzi daude. Horien bidez, 2013an 1.064.577 kilogramo beira jaso zituzten, biztanleko 46,75 kilogramo. "Emaitzak onak diren arren, Gipuzkoan errefusaren edukiontzira botatzen den hondakinen %5a beira dela dio azterketa batek. Beraz, badaukagu zer egina", adierazi du Guruzetak. Beira gaika biltzea indartzeko kanpaina abiatuko dute horretarako Urola Kostako Udal Elkarteak, Zarauzko Udalak eta Ecovidrio enpresak. Zarautzen egingo dute udan zehar. Horren helburua turismoaren ondorioz beirazko ontzien kontsumoa nabarmen handitzen den sasoian material horretaz egindako ontziak gaika jaso eta birziklapena bultzatzea da. Bihar hasiko dira kanpainarekin eta irailaren 15era arte iraungo du. Denboraldi horretan  dinamizatzaile bat—txartel identifikatibo bat eramango du soinean—ibiliko da malekoian zein Alde Zaharrean. Horrek informazioa emango die herritarrei eta maleikoiko eta Alde Zaharreko ostalaritzako establezimenduak bisitatuko ditu, jabeei beira  egoki birziklatzearen abantailak jakinarazteko. "Udan, oporren bueltan erlaxatu egiten gara, eta ohiturak lasaitu. Udan ere birziklatzea beharrezkoa dela erakutsiko du dinamizatzaileak". Herritarrei eta ostalariei ongi birzikla dezaten "erraztasunak" ematea da helburua. Horrez gain, beiraren edukiontziak apainduko dituzte, kanpainaren mezua "deigarria" izan dadin eta eragin "handiagoa" izan dezan. Guztira, 42 edukiontzi apainduko dituzte—maleikoiko 10 edukiontzi txiki eta herrian zehar banatutako 32 edukiontzi handi—. Apaindutako beira jasotzeko edukiontzia, Foruen kalean. Amaia Ventas

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide