Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bart gauerditik martxan da .EUS domeinua, eta Urola Kostako Hitzak ere bat egin du ekimenarekin. Guztira 92 Aitzindari ditu domeinu honek, eta Urola Kostako Hitzarekin batera, Euskal Herriko bederatzi enpresek, 23 erakunde publikok, 14 hedabidek eta euskal kulturgintzaren barruan lan egiten duten 46 entitatek osatzen dute zerrenda. "Oso zerrenda anitza da, izaera, dimentsio eta jatorri desberdinetako entitateak biltzen dituelako". Urola Kostako Hitzaren ataria, beraz, www.urolakosta.hitza.eus izango da aurrerantzean.
Gaur aurkeztu dute proiektua, haren arduradunek, PuntuEus Fundazioak eta Aintzindarietako batzuk. Gogoratu dute apirilean hilabeteko epea eman zutela proposamenak bidaltzeko, eta gero beste hilabete eman dute .EUS domeinu-izen horiek erregistratu, aktibatu eta ikusgarri izateko pausoak ematen. 92 entitatek izan dute aukera Aitzindari izateko. Hala, gaurtik hasita, abenduaren 3ra artean— Euskararen Nazioarteko Egunera artean—, .EUS Domeinuaren Aitzindariak soilik egongo dira aktibatuta. Egungo Aitzindarien Fasearen ondoren, abiarazte aldea etorriko da, eta orduan mota guztietako erakunde publikoek, elkarteek eta enpresek eskatu ahal izango dituzte domeinu-izenak. Hurrengo fase hori irailaren 16tik 18ra bitartean egingo dutela aurreratu dute gaur, eta denbora tarte horretan eskatzen dituzten domeinu-izenak abenduaren 3an aktibatuko dira. Hala, egun horretan .EUS Domeinuaren Fase Irekia hasiko da.
Horiek guztietatik 22, PuntuEus Fundazioko kide dira. Fundazioko lehendakari Juan Mari Torrealdaik guztiei eskerrak eman dizkie, eta Aitzindarien Programak fundazioarentzat eta proiektuarentzat "berebiziko garrantzia" duela azpimarratu du. Izan ere, egitasmoaren helburuak .EUS Domeinua sustatzea eta ekonomikoki bultzatzea izan dira, eta "ekarpena modu finantziarioan edo espezietan egiteko aukera irekitzeak, bi helburuei ondo baino hobeto erantzuteko aukera eman du". Proiektuaren balorazioa egiterakoan, gaineratu du proiektuak bidearen hasiera "duintasunez" egiteko adina bultzada ekonomikoa jaso duela. "Bagenekien Aitzindarien Fasetik beste argazki bat ere atera ahal izango genuela. Bagenekien .EUS Domeinua martxan jartzera bidean, komunitatearen partetik izango duen babesari nolabaiteko neurria hartzen lagunduko zigula. Eta zentzu horretan, 92 entitate hauen artean ematen den maila guztietako aniztasuna". EUS Domeinua proiektu inklusibo moduan definitu dute, eta hain zuzen, Aitzindarien Faseak izaera hori "indartzea" lortu duela berretsi dute. Dena den, domeinu hori komunitate osoarena dela azpimarratu dute.