Abian da Azpeitiko Udalaren Open Data sistema

Olatz Prat 2014ko ekainaren 27a

Pasa den maiatzean Azkoitiako Udalak egin bezala, abian jarri du Azpeitiko Udalak ere administrazioaren "gardentasuna" bermatzeko sistema. Open Data sistema bezala ezagutzen den sistema informatiko honek herritarren eskura jartzen ditu udalak publiko egiten dituen datuak, Open Government edo Gobernu Irekia ereduari jarraituz. Eneko Etxeberria alkateak adierazi duenez, "kristalezkoak egin nahi ditugu udaletxeko hormak, herritarrek barruan dagoena ikus dezaten". Baina, barruan dagoen hori "era ordenatuan" erakustea komeni dela azpimarratu du. "Eta horixe da sistema honen bitartez lortzen dena, datuok ikusi eta erabiltzeko aukera ematen da". Izan ere, datuak nahiz erabiltzaileen interesen araberako grafikoak deskargatu egin daitezke, horiekin "jolasteko" aukera emanez. http://opendataazpeitia.gobernuirekia.net/eu helbidea du Azpeitiko udaleko datuen plataformak, Azpeitiko Udaleko webgunetik ere sartu daiteke bertara. Webgune horretan, momentuz, lau arlotako datuak ipini dituzte: Udaleko datuak, Turismo arlokoak, Lana eta Enplegua arlokoak eta bestelako datu ekonomikoak. Asmoa da pixkanaka arlo hauetako eta beste batzuetako datuak gehitzen joatea. Era berean, herritarrek ikusi nahi lituzketen datuak plazaratzeko eskaerak egin ditzakete komunikazioa@azpeitia.net helbide elektronikoaren bitartez. Elkarmedia enpresak garatu du Ckan ereduari jarraitzen dion datu base hau. Datuak plataforma honetan zentralizatu eta eguneratuko dituzte eta, modu horretan, bertatik elikatzen den beste edozein aplikazio ere automatikoki eguneratuko da. Datu erreferentzia bakarra eta ofiziala izango da Open Data Gunea. Urola bailara aitzindari da Open Data sistema ezartzen, izan ere, Azkoitiaren ostean, sistema hau ezartzen duen bigarren herria da Azpeitia. Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urterako ezartzea aurreikusten du eta, oso etorkizun hurbilean, sistema hau bera ezarri beharko dute udal guztiek, legeak hala eskatuko dielako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide