Zarauzko Arraun Elkarteak igande eguerdian aurkeztuko ditu denboraldiko ontziak

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 27a

sasoian.info Zarauzko Arraun Elkarteak udan lehian arituko diren gizonezkoen eta emakumezkoen traineruak aurkeztuko ditu igande eguerdian, 12:30ean, Musika Plazan. Iaz maila galdu ostean, gizonezkoen ontziak KAE 2 mailan lehiatu dira aurten. Iñaki Mendizabalen aginduetara ariko den taldeak iazko bizkar hezurrari eutsi dio, eta gazte mailatik igotako bi arraunlari eta bost beterano gehitu dizkio aurtengoan. Arraunlari kopuru handi horrek negu sendoago bat egiteko aukera eman dio Enbatari, eta KAE 1 mailara itzultzea izango du helburu. Ez dute lan erraza izango, iaz play offean aurkari izandako Deustu eta Hondarribia taldeak asko indartu baitira, baita Plentziako Arkote taldea ere. Orain arte jokatutako lagunarteko estropadetan, lau ontzi hauek KAE1 ligako hainbat ontzi atzetik utzi izan dituzte, aurtengoan KAE 2 ligak izango duen mailaren erakusgarri. Nesken ontzian aldaketa handiak izan dira. Iaz Tolosako arraunlariekin uretaratu ostean, aurrera egiteko zailtasunen ondorioz, aurten Zarautz eta Getariako elkarteek bat egin dute ontzi bateratu bat uretaratzeko. Entrenatzaile lanak Mertxe Aizpurua zarauztarraren esku egongo dira, lehenengo aldiz arituko da lan horietan gainera. Oso gazteak diren arraunlari ugari dituen taldeak udan lehiatzen aritzeko helburua du, etorkizunerako esperientzia pilatzen joateko.

Getaria-Zarautz traineruak larunbat honetan jokatuko du bere lehen estropada. Etxean izango da, gainera. Lagunarteko estropada antolatu du ZAEk arratsaldeko 17:00etan. Ohi ez bezala, irteera Mollarri eta kanalaren inguruan izango du eta ziaboga bakarrera jokatuko denez, ziaboga emateko boia moila parean kokatuko dute. Emakumezkoen lau ontzik hartuko dute parte: etxekoekin batera, Zumaia, San Juan eta Hibaika.

Moila biziberritzen Uda honetan ere ZAEk moila biziberritzeko asmoarekin aurrera jarraituko du. Behin moilako lanak amaituta, ontziak lotzeko kateak prestatzen dituztenean, koloretako lau ontziak bertan jarriko dituzte erabili nahi dituztenen eskura. Kukañak ere antolatuko dituzte, aurtengoan lau egunez. Garai batetan bezala, uztailean eta abuztuan arratsaldez itsasgora izango den bina ostegunetan izango dira. Bestalde, Koadrilen Arteko II. Lagunarteko Estropadak abuztuaren 2an ospatuko dituzte.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide