Ostiralean, Aian, 2,5 kilometroko erlojupekoarekin eman zitzaion hasiera itzuliari. Aratz Olaizolak 3. denborarik onena lortu zuen, lehenengoarengandik 8 segundora. Garailea Cyril Barthe izan zen, Zarauzko karrerako irabazlea.
Ondorengo hiru etapak, Olaberrian, Andoainen eta Seguran jokatu ziren; 75Km, 93Km eta 88Km, hurrenez hurren. Guztiak ere mendatez beterik, zein baino zein gogorragoak.
Aiako prologoan lortutako postu ona ikusirik, bertan mantentzea izan zen Aratz Olaizolaren helburua. Ez zuen batere erraza izan, maila handiko txirrindulariekin lehiatu behar izango zuelako, Cyril Barthe (Orthez), Mikel Alonso (Andoaingo), Dani Mayora (Ampo) eta Eneko Aramendia (Quesos Albeniz) besteak beste.
Itzuli guztian aurrean ibili zen, 3., 16., eta 6. postuak lortuz hiru etapa horietan. Azkenean 4. amaitu zuen, lehenengo urtekoen artean lehena. Xuban Aizpuruak (BTTko txirrindularia) erlojupekoa bakarrik egin zuen eta Joseba Uzkudunek eta Jon Agirren Itzuli osoa bete zuten maila onean daudela agerian utziz.