Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hastear dira eskualdeko hainbat txokotan San Pedro jaiak. Datozen egunetan jai giroa izango da nagusi Beizaman, Zarautz-Aiako Elkano eta Aiako Andatza auzoetan, Orion eta Zumaian. Badago zer aukeratua, badago zer gozatua. Beizaman bihartik igandera arte ospatuko dituzte jaiak. Haurren jolasekin eta patata tortilla lehiaketarekin murgilduko dira beizamarrak festan. Larunbatean txapelketa ugari izango dira arratsaldean zehar, eta afaltzera elkartuko dira gauean herritarrak. Igandean, berriz, azoka, musika emanaldiak eta herri-kirol erronkaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.
Elkano eta Andatza auzoetan bi asteburutan banatuko dituzte jaiak. Elkanon larunbatean hasiko dituzte festak eta igandean, San Pedro Egunez, egun osoko festa giroa izango da, eguerdiko patata tortilla lehiaketarekin eta arratsaldeko asto probekin. Festak datorren asteburuan jarraituko du Zarautz eta Aiako auzoan.
Andatzan ere larunbatean hasiko dituzte festak, umeentzako egitarau zabalarekin. Igandean, berriz, jubilatuen eguna izango da. Gainera, igandean oilasko biltzea egingo dute ohiturari eutsiz. Andatzan ere datorren astean jarraituko dute jaiek, auzo-bazkari, bertso-dema eta beste hamaika gauzekin. Uztailaren 6an, esaterako, lehen aldiz jokatuko dute zaldi lasterketa.
Festa handiak kostaldean
Orion eta Zumaian ere festa bizi eta koloretsuak izango dituzte asteburu honetan, ostiraletik hasi eta astelehenera bitartean.
Orion bihar hasiko da festa giroa, baina, larunbatetik aurrera egingo du eztanda festak. Ostiral goizetik hasi eta gaueko ordu txikiak bitartean izango da zerekin entretenitua. Karkara herri aldizkariak 25 urte bete dituenez, beraiek izango dira txupinazoa botatzeko arduradunak. Haiekin izango da Patxi Etxeberria bertsolari oriotarra ere, omenaldia egingo zaio, bera baita, gaur egun, jendaurrean kantari dabilen bertsolaririk zaharrena. Herri bazkarian, bestetik, Orioko curriculuma lantzen aritu den taldeak osatutako kantu liburuxka banatuko zaie gerturatzen direnei, bazkaria kantuz alaitzeko.
Ez dira herritarrak izango festetako kantari bakarrak. Izan ere, aurten lehen aldiz basatxorien kantu lehiaketa egingo da. Igandean izango da, eta txori bakoitzari hamar minutu emango zaizkio abesteko. Abeslari onenaren jabeak saria eskuratuko du.
Uda pasatzera Oriora datozen haur sahararrei ongietorria egingo zaie, bestalde, astelehenean.
Zumaian XVI. Pilota Txapelketa Herrikoien finalarekin hasiko dira bihar festak. Larunbatean, berriz, hainbat musika emanaldik hartuko dituzte kaleak: Nafarroako jotak eguerdian, batukadak arratsaldean eta rock kontzertuak gauean. Arratsaldean, ordea, danbor hotsak gailenduko dira, Sagarbidetik hasiko den San Pedro jaietako danborradan.
Igandean gustu eta adin guztientzako egitaraua prestatu dute: arraza libreko artzain txakur txapelketa izango da goizean, haur antzerkia arratsaldean eta gaztetxoen diskoteka gauean.
Astelehenean, rantxera doinuekin agurtuko dituzte festak, 19:30etik aurrera kalejira eta kontzertua izango baitira Mariachi Impresial taldearen eskutik.