Amancay Gaztañaga, Maider Arsuaga eta Mikel Ibarguren (Miriam Tamayo/Hitza)
William Shakespeare idazlearen eta antzerkigilearen bi komedia antzeztuko dituzte aurten Zestoako Antzertki Astean. Igandean eta astelehenean Zestoako Interpretazio Eskolako bigarren mailako antzerki ikasleek
Errege gaua antzeztuko dute. Gainerako egunetan, uztailaren 1ean, 2an eta 3an, hirugarren mailakoen txanda izango da, eta
Uda gau bateko ametsa lana aurkeztuko dute. Antzerkiak Zestoako Kultur Etxeko aretoan izango dira, arratsaldeko 20:30ean. Hau guztia Amancay Gaztañaga zestoarraren zuzendaritzapean.
Aretoan laurogei eserleku besterik ez daudenez, jende asko sarrerrarik gabe geratu da. Horregatik, jendeak eskatuz gero, emanaldi gehiago eskaintzeko prest daude eskolako kideak.
HITZAk bi antzerkien zuzendariarekin eta Zestoako Interpretazio Eskolako bigarren mailako Maider Arsuagarekin eta bigarren eta hirugarren mailako Mikel Ibargurenekin hitz egiteko aukera izan du.
Gaztañagak hartu du bi lan hauek euskaratzeko ardura: «Skakespeare-en lanetaz inguratuta bizi izan nahiz. Pena handia nuen bi lan hauek euskaratuta ez egoteagatik antzeztu ezin izateak», adierazi du. Zuzendari lanez galdetuta, Gaztañagak umorez aitortu du jasaten duen urduritasuna: «Zuzendari bezala duzun erantzukizunaz ohartzen zara. Gauzak ez badira ondo irteten, zu zara erruduna, ez ikasleak». Argi du antzezle izateko bokazioa eduki egin behar dela, baina hori ez da nahikoa: «Aktoreek eszenatoki gainean ere momentu gogorrak bizi izaten dituzte. Denok antzeztu dezakegu, baina teknika bat ikastea beharrezkoa dela iruditzen zait».
Gazteak eta antzezleak
Mikel Ibarguren eta Maider Arsuaga antzerki ikasleek ere hitz egin dute. Lehenengoak emanaldi guztietan hartuko du parte: «Hirugarren mailako taldean mutil gutxi daude, eta bietan antzeztea egokitu zait». Arsuagak aitortu duenez, betidanik izan du gustukoa antzerkia: «Kuadrillako lagun batek eta biok izena ematea pentsatu genuen. Bi urte daramatzagu taldean, eta oso gustura gaude». Antzerkiarekiko zaletasuna izateak eta Zestoan antzezteko aukera dagoela jakiteak, taldean sartzera bultzatu zuela adierazi du Ibargurenek.
Antzeztokian dena ahaztu eta gozatzeko momentua dela azpimarratzen dute: «Sentimendu guztiak mazedonia batean nahasten ditugu, eta behar dugun uneetan mazedonia hori pixkanaka askatu egiten da», adierazi dute.
Entretenimendu gisa egiten dutela aitortzen dute, eta kritikak, onak izanez gero, gustura hartzen dituzte. Beraien helburua, baina, ondo pasatzea da.
Antzerki eskolan hainbat adinetako antzezleak daude : «Oso talde heterogeneoa gara. Denok helburu berak ditugu, eta geure artean babesten gara», adierazi dute Ibargurenek eta Arsuagak. Beraiek dira taldeko antzezle gazteenak, hain justu.
Zestoako antzerki taldeko kideek Gaztañagari eskertu nahi diote tranmititzen dien gogoa eta ilusioa: «Shakespeareren lanak ekarri zituenean harrituta geratu ginen. Baina Amancay ezagututa, bagenekien dena ondo irtengo zela. Asko inplikatzen da, eta bera izan da gure emaitza onaren errudun handiena».