Orioko Udalbatzak Motondoren gaiarekin duen jarrera kritikatu dute herritarrek

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ekainaren 27a

Aranzadi elkarteak Motondo berreskuratzeko proiektua idatzi zuen. Ohiko udalbatzarra egin zuten asteazken iluntzean Orion, eta Motondoren gaiak eztabaida sortu zuen udal taldeen eta herritarren artean. Aranzadi Zientzia Elkarteak Motondoko ingurumen balioak berreskuratzeko idatzitako proiektuaren inguruan bozkatu zuten udalbatzarrean, alkateak gainontzeko erakundeekin proiektua negoziatzeko udalbatzaren babesa izan dezan. Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin eta EAJren aurkako botoekin onartuta geratu zen puntua, baina udalbatzarraren amaieran Herrio Natur Taldeko kideek hitza hartu zuten, eta Orioko Udala Motondoren gaiarekin izaten ari den jarrera kritikatu zuten. Orain alderdia Motondo berreskuratzeko proiektuarekin ados agertu zen, baina hori egin aurretik alkateari eskaera bat egin zion: «2001ean Orioko Udalak Motondoko lurrak erosteko gastatu zituen bi milioi euro berreskuratzeko ahalegina egitea eskatzen diogu. Txingudin egin zuten bezala, beste erakundeek lur horiek desjabetzea eta horiengatik udalak dirua berreskuratzea nahi dugu. Udaleko teknikariek hori egitea posible dela esan digute, eta alkateari horretan saiatzeko eskatu nahi diogu», azaldu zuen Miriam Uranga bozeramaleak. Orioko alkate Beñat Solaberrietak adierazi zuenez, ordea, proiektuan eskumena duten erakundeekin bildu zen Motondoko lurren desjabetzea aztertzeko, eta «ezezko borobila» jaso zuen. Horretaz gain, 2013ra arte Motondoko berreskuratze proiektua gauzatzeko izapideak egin zituela aitortu zuen Solaberrietak udalbatzarrean, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euro mahai gainean jarri zituztela baieztatu zuen. «Orain arte Motondo berreskuratu ez bada, udalbatza honek nahi ez duelako izan da. Bilduren nahia agintaldi honetan Motondo ureztatzen eta berreskuratzen ikustea zen, Usurbilen egin duten bezala. Guretzat Motondo bera altxorra da, eta bertako ingurumen aberastasuna bizirik ikusi nahi dugu, baina horretarako udalbatzaren gehiengoa behar dugu». Bilduk beste alderdiren baten babesa behar du, alegia. Herrio Natur Taldeko kideen iritziz «bi milioi euroak berreskuratzea ezinezkoa» da. «Bere garaian udalak lur horiek erosi zituen, eta gaizki egindako inbertsio bat izan zen. Diru hori ez da berreskuratuko, udalak ez baitio eskaera egin diru hori jaso zuenari; beste erakundeei eskatu zaizkie bi milioi euroak. Gainera, uste dugu Udalak sinesgarritasuna galdu duela erakundeek Motondo berreskuratzeko proiektua egiteko dirua eman eta horri uko egiteagatik». Aranzadiren txostena Solaberrietaren esanetan, proiektuak aurrera egin dezan udalbatzaren babesa «behar-beharrezkoa» da. «Bi milioi euroren gaia aipatzen dute EAJ eta Orain udal taldeek behin eta berriz, eta galdetu behar dena hurrengoa da: zergatik erosi zituen Orioko Udalak Motondoko lurrak bi milioi eurogatik? Zer egin nahi zen bertan?». EAJk ez zuen lurren salerosketaren inguruko zehaztasunik eman, baina «Motondo babesteko erakunderik egokiena udala zela pentsatuz erosi» zirela lurrak azaldu zuen Noemi Ostolaza EAJko zinegotziak. Bestalde, Motondo urperatzearen alde ez daudela aitortu zuten EAJko kideek. «Motondo babestu nahi dugu, baina Aranzadiren proiektuarekin ez dugu bat egiten». Udalbatzar aretoan zegoen herritar batek, 2001ean EAJ agintean zela udalak Motondo erosi zuenean «mahai gainean zegoen proiektua arraun pista olinpikoarena» zela gogorarazi zuen. «Agintaldi honen hasieran EAJk Motondon ur bizien pista egiteko ideia ere izan zuen esku artean. Ez dut uste azken hamarkadan EAJk proposatu dituen proiektu horiek Motondo babestearekin bateragarriak direnik, besteak beste azken proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko aurkako txostena jaso zuelako». Herrio Natur Taldeko kideek Aranzadik idatzitako proiektua irakurtzeko eta behar den bezala aztertzeko eskatu zieten zinegotzi guztiei. «Txosten horrek lege arrazoiak, arrazoi tekniko eta zientifikoak eta inguru horrek duen aberastasunaren azalpenak jasotzen ditu. Horretan oinarritu beharko du udalak etorkizunean Motondon egin behar den proiektua egiteko, eta ingurua babestutako eremua izanik, lege aldetik proiektu asko egitea ezinezkoa da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide