Ekainfest da bihar Zestoan

Olatz Prat 2014ko ekainaren 27a

Ekainfesten aurkezpena astelehenean Donostian. Historiaurreak hartuko ditu bihar Zestoako kaleak, herri ekimeneko egunbeteko Ekainfest jaia egingo dutelako. Azken lau urteotan bezala, Ekaingo koba inguruetan duela 14.000 urte bizi ziren gizakien errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute herritarrek eta bisitariek. Egitarau zabala eta anitza antolatu dute, eta berrikuntza nabarmenekin dator aurten ekaindarren eguna: besteak beste, aurten aurreneko aldiz Historiaurreko Olinpiadak egingo dira, eta iluntzea Suaren etorrera antzeztuko dute. EGITARAUA Ekainak 28, larunbata - Goizean, haurrentzako historiaurreko lehiaketa eta sari banaketa, herrigunean, Sastarrainen eta Ekainberrin. - Egun osoan zehar, historiaurreko pintxo berezien tourra, herriguneko zenbait tabernatan. - 11:00-14:00, pottokak eta ibilaldiak, Lauiturritik Ekainberrira. - 10:00-13:00, Lili Jauregiko bisitak, Agur Lili antzezlana. Ekainberriko Informazio Bulegoan edo 943-868811 zenbakian eman daiteke izena. - 10:00-13:00, bisita bereziak Ekainberrira. Ekainberriko Informazio Bulegoan edo 943-868811 zenbakian eman daiteke izena. - 15:00-17:00, Historiaurreko tailerrak, Foru Plazan. Margoak eta bitxigintza, sua nahiz ehiza. - 16:30ean, bisita gidatua Bainuetxera. Ekainberriko Informazio Bulegoan edo 943-868811 zenbakian eman daiteke izena. - 17:00-20:00, Historiaurreko Olinpiadak, Foru Plazan eta ondoren, sari banaketa. Herriko koadrilek tribuak osatuko dituzte, eta hainbat proba gainditu beharko dituzte. Proba horiek Ekaingo bizilagunek euren egunerokoan egin behar zituzten jarduerak (sua lortzea, ehiza...) eta euskal herri-kirolak uztartuko dituzte. Zazpi taldek jada eman dute parte hartzeko izena. Baina, beste koadrilaren batek aukera du oraindik parte hartzeko. Antolatzaileekin harremanetan jarrita edo bihar plazara agertuta 15:30ak aldera. - 20:30-21:30, arkumea burruntzian erreta Foru Plazan. - Iluntzean, Suaren Etorrera antzezlana, Lauiturritik Foru Plazara. Zestoako Interpretazio Eskolaren eskutik. Sastarrain bailarako lehen biztanleen bizimodua eta ohiturak erakutsiko dituzte aktoreek, eta guztiaren gidari eta kontakizunaren buru xaman bat izango da. Hogei lagunetik gora ariko dira. - 22:30, Historiaurreko edari magikoa, Laranjadi plazan. - 23:00, Berriketan taldearen emanaldia, Laranjadi plazan. Haurrentzako ere jarduera ugari egongo dira; hala nola, pottokekin Sastarrain bailaran txangoak egiteko aukera, eta bazkalostean egingo dituzten historiaurreko tailerrak (margoak eta bitxigintza, sua nahiz ehiza). Zestoako ostalarien eskutik, historiaurreko gastronomiaz gozatzeko aukera ere izango da. Izan ere, herriguneko zenbait tabernarik Ekainfesterako propio sortu dute historiaurrean inspiratutako pintxo bat, eta euren tabernetan eskainiko dituzte egun osoan zehar. Udako solstizio inguruan, eta sua nabarmentzen den festa batean, burruntzian erretako arkumea ere eskainiko dute gaualdera. Suaren etorrera antzezlanaren ostean, bestalde, historiaurreko edari magikoa banatuko zaie dastatu nahi duten herritarrei. Egunari amaiera musikarekin eta dantzarekin emango zaio, izan ere, 23:00etatik aurrera Berriketan taldearen emanaldia izango da Laranjadin; euskal musikaren sustraiak eta musika flamenkoa fusionatzen dituzte ikuskizunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide