Lomce-ren aurkako mozio bat onartu du Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2014ko ekainaren 27a

Azkoitiko Udalak Lomce-ren aurkako mozio bat onartu du, eta «euskal hezkuntza sistema osoa» defendatzeko konpromisoa hartu du, «eskumenei esker Europako batez bestekoko kalitate indizearen gainetik» dagoelako. Espainiako Gobernua ezartzekoa den hezkuntza erreforma arbuiatu du udalbatzak, eta aldaketak «hezkuntza komunitatearen akordio zabalarekin» eta «gizarteko eta politikako eremuetako adostasunarekin» hartu behar direla azpimarratu dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «autogobernua» defendatu eta «eskura dituen neurri guztiak» har ditzala, sistema berriak «euskal hezkuntzan izan dezakeen eragin negatiboa murrizteko». Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan martxan jartzeko agindu izana onartu du aste honetan Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Irailean dira sistema berria martxan jartzekoak. EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik egin dute mozioaren alde, eta Bildu abstenitu egin da, «motz» geratzen delakoan. Irakurketa propioa egin du udal gobernuak, eta esan duenez, «Euskal Herriko hezkuntzan euskal curriculumak izan behar du gidari, lurraldetasuna kontuan hartuz». Erreforma ez dutela onartuko esan dute, eta hura ezarri ez dadin neurriak har ditzala eskatu diete erakundeei. Horrez gain, besteak beste bidegorria luzatzeko eta Baztartxo antzokirako proiektagailu digitala erosteko 120.000 euroko kreditu aldaketa onartu du udalak. Ildo horretatik, proiektagailu berriarekin batera, irailetik kultur bonoa ere martxan jar dezaten eskatu du Azkoitia Baik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide