Azkoitiko Txerloiako tenis pista (Txerloia Tenis Kluba)
Azkoitiko Txerloiko tenis pistetako bat berritu berri du Azkoitiko Udalak. Duela 26 urte egin zituzten teniseko hiru pista Txerloian, eta ordutik haiek mantendu dituzte. Txerloia Tenis Klubaren esanetan, «oso zaharkituta» daude. «Arazoak sortzen dira jokatzeko orduan, besteak beste bote okerra egiten dutelako». Horietako bat berritu dute orain, eta oraintsu estreinatu dute, Azkoitiko Open Txapelketako finalaurrekoetan, hain zuzen.
Udalak 30.000 euroko aurrekontua izan du lanetarako, eta pista berritzearekin batera, sareak eta argindarreko kableak ere aldatu dituzte. Gainontzeko bi pistei dagokienez, datozen bi urteetan pista bana berritzea adostu dute klubak eta udalak.
Tenisean jokatzeko pista berriarekin, txapelketetan eta ikastaroetan murgilduta dabil Txerloia Tenis Kluba. Azkoitiko Open-a amaitu ondoren, bihar Grand Slam txapelketa jokatuko dute. Urtero bezala, denboraldiari amaiera emateko, ikasturtean aritu diren umeen eta gazteen arteko jokatuko dute txapelketa. Ehun lagun inguruk hartuko dute parte bertan, eta 10:00etan umeen txapelketa hasiko da. 15:30ean, berriz, hamar urtetik gorakoen txanda izango da. Euria eginez gero, igandera atzeratuko dituzte partidak.
Ikastaroetan izena emateko
Grand Slam-a amaituta, berriz, udako ikastaroekin hasiko dira. Uztaileko bi hamabostalditan egingo dituzte sei eta hamasei urte bitartekoentzako ikastaroak, eta astelehenetik ostiralera bitartean, egunero ordubeteko eskolak jasoko dituzte. Lehenengo hamabostaldiko taldea hurrengo astelehenean hasiko da, eta bertan parte hartzeko izena emateko epea gaur amaituko da, Elkargunean. Bigarren hamabostaldikoek ere han eman behar dute izena.
Horrez gain, joan den asteburuan jokatu zituzten Azkoitiko Open txapelketako finalak. Apirilaean hasi zuten txapelketa, eta aurten inoiz baino kategoria gehiago lehiatu dira. Era berean, 10 eta 18 urte bitarteko 47 gazte eta 44 heldu aritu dira banaka eta binaka.