«Oso auzo gutxi egongo dira Aizarnakoaren adinako bilgune batekin. Zenbat eta toki hobea eduki, orduan eta gehiago erabiltzen da leku hori, eta txoko honekin jende asko ibiliko da Aizarnan». Lourdes Elortzaren hitzak dira. Elortza bezala, Zestoako Aizarna auzoko beste dozenaka lagun ere kultur elkarte berria egiteko lanean dabiltza azken hilabeteetan. Eskola zaharreko eraikina gaitu du udalak, eta auzotarrak elkarte gastronomikoa ari dira egiten beheko solairuan, auzolanean. Bigarren eta hirugarren solairuak, berriz, erabilera anitzerako izango dira.
Orain arte Aizarnako elkartea Parrokiaren eraikinean egon da, Zestoako Udalak Parrokiako arduradunekin egindako hitzarmenari esker. Duela bi urte ireki zuten berriro hango txokoa, hainbat baldintzarekin; besteak beste, ezin izan dute obrarik egin, eta udalak beste leku bat egokitzen zuenean, tokiz lekualdatuko zirela adostu zuten. «Orain arteko elkartean muga asko genituen, eta pixkanaka giroa hiltzen joan da», esan du Aitor Irureta elkarteko obra batzordeko kideak.
Oraingoz ehun lagun inguru izango dira bazkide, eta izaera irekia izango duela azpimarratu dute: «Inor kanpoan ez uzteko metodo bat bilatu nahi izan dugu. Ez genuen nahi dirua oztopoa izaterik, eta bazkide izateko sarrera ordaintzea derrigorrezkoa ez izatea adostu genuen». Hala, dirua ordaindu duenari bost urtera itzuliko diote, eta horretarako adina dirurik ez badago, bazkide guztien artean parekatuko dute ordaindutakoa. Dirua lortzeko, hainbat ekintza egitea aurreikusten dute aurrerantzean.
Aizarnako topagunea izango da eskola zaharra, eta udalak eraikina egokitu eta gero, martxoaren amaieratik ari dira elkarte berria egiteko lanetan. «Udalak gutxiengo lanak egin ditu, eta hortik aurrerako guztia ari gara egiten». Trukean, udalak dirua eman die lanetarako, eta obra-hondakinak kendu, lurra eta hormak berritu, argindarra sartu eta margotu ondoren, sukaldea jartzen hasi dira orain. Zentzu horretan, lanerako erantzuna «oso ona» izan dela esan du Elortzak: «40 lagun ari dira lanean, eta gazteek izugarrizko lana egin dute». Obrak aurreratuta dituzte dagoeneko, eta bi hilabete barru amaituta izatea espero dute.
Auzoa elkartzeko bidea
Goiko bi solairuak ere auzotarrentzako izango dira, eta Kultur Etxe gisa funtzionatuko dute. Erabilera zehazteko bilerak egiten ari dira gaur egun, baina bigarrengo solairua umeentzako gunea izatea aurreikusten dute, eta azkenekoan tailerrak, bilerak eta halako saioak egiteko eta egoteko gunea egokitzeko asmoa dute; «dena den, herriak eskatzen duenaren araberako gunea izango da», argitu du Aitziber Ollakindiak.
Duela zortzi urtera arte ikastetxe bezala funtzionatu zuen eraikin horrek, baina berria egin zutenean hutsik geratu zen. Segurtasun baldintzak betetzen ez zituela eta, itxita egon da ordutik, eta bitarte horretan ikastetxe berrian egin dituzte ikastaroak. «Ikastetxea ere oso txikia geratzen da, ordea, kultur ekintzetarako», diote. Goiko solairuak hurrengo ikasturtean martxan izateko esperantza dute. Gainera, elkarteak eta Kultur Etxeak funtzionamendu desberdina izango badute ere, biak lotuta daudela berretsi dute.
Eraikin berria auzotarren topagunea izango da, beraz, eta pozik dira gune berriarekin. Gainera, martxan jartzen dutenean auzora «bizia» ekarriko duelakoan dira. Era berean, elizarekin izan zen aferaren eraginez —urteetan auzotarrek erabili izan zuten eraikinetik bidali egin zituen orduko apaizak, jabetza elizarena zela argudiatuz—, auzotarrak «banandu» egin zirela esan dute, eta orain beste giro bat sortuko dela irizten diote: «Auzoa berriro elkartzeko bidea eman lezake».