Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu berri du zazpi milioi euro bideratuko dituela lurraldeko 41 kirol instalaziotarako. Proiektu horiek 2014-2016 Kirol Ekipamenduen Planaren barrukoak dira. Horien artetik diru laguntza handiena jasoko duten bi proiektuak Urola Kostakoak dira: batetik, Zumaiako frontoi luzea eraikitzeko 750.000 euro; eta, bestetik, Azpeitiko udal igerilekuaren instalazioak handitzeko 550.000 euro. Hala ere, eskualdeko beste herri batzuetako kirol azpiegituretarako ere aurreikusi dute dirua aldundian: Zarauzko Asti kirolgunea birmoldatu eta handitzeko 300.000 euro; Orioko Karela kiroldegian hidromasajerako gune bat kendu eta gimnasioa handitzeko 41.329 euro; eta, Getarian Askizuko frontoia ixteko 15.578 euro.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Ekipamenduen Planaren helburua argia da: «Herritarrei, edozein udalerritan bizi direlarik ere, ariketa fisikoa egiteko aukera eskainiko dieten kirol azpiegitura sare orekatu eta eguneratu bat finkatzea Gipuzkoa osorako». Dokumentuaren berri Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kiroleko diputatuak eta Asier Sarriegi Kiroleko zuzendariak eman zuten pasa den astean.
Urola Kostako proiektuak hainbat fasetan daude gaur egun: Zumaiakoa hasita dago, Oriokoa ere hasita eta bukatzear da; Azpeitiko igerilekuko eraikinekoa hastear dago; Zarautzen, berriz, Astiko lehen lanekin urtearen bukaeran hastea dute aurreikusita, eta Getariako Askizu auzoko pilotalekua ixteko lanak oraindik ez du hasteko eperik.
Azpeitiko udal igerilekuaren eraikina (Nerea Uranga/Hitza)
Azpeitiko udal igerilekuko eraikinerako proiektuaren planoa.
Azpeitia: igerilekuko eraikina handitu
Azpeitiko udal igerilekuaren eraikina handitu egingo dute: aurrealdera egingo dituzte handitzeko lanak, gaur egun haurrentzako dagoen parkea kenduta. Igerilekuan lehorreko eta uretako kirol jarduerak egiten dira, eta egingo dituzten obrek lehorreko jardueren azpiegiturei eragingo diote. «Eraikinak 30 urte ditu, igogailurik ere ez du, eta eskailera nahiko aldapatsuak ditu», azaldu du Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotziak.
Beraz, kirolerako espazioa gehitzeaz gainera, igogailua jarriko dute, erabiltzaileentzako irisgarritasuna erraztuz.
Gaur egungo aldagelak ez dituzte ukituko, baina zati berrian ere aldagelak egingo dituzte, beheko solairuan. Beste bi solairuetan, aurrenekoan eta bigarrengoan, gaur egungo espazioak zabalduko dituzte.
Egun hauetan erabakiko du Azpeitiko Udalak zein enpresak egingo dituen obrak, eta lanak ahalik eta azkarren hastea eta bukatzea da udaleko kirol arduradunek nahi dutena. «Obrak zein enpresak egingo dituen erabakitakoan, nola egin eta zein epetan hitz egin beharko da. Gero, hemendik egun batzuetara obraren epeak eta erabiltzaileengan izango duten eragina argituko ditugu», esan du Kiroletako zinegotziak. Berez, proiektuan obrak bukatzeko zazpi hilabeteko epea dute aurreikusita.
1.600.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua du igerilekuko eraikina handitzeko proiektuak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Ekipamenduetako Planean 550.000 euro aurreikusi dituzte Azpeitiko igerilekurako asmorako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzan ere diru laguntza eskaera eginda du udalak. «Eusko Jaurlaritzatik Jon Redondo [Gazteria eta Kirol zuzendaria] etorri zen gaur egun igerilekuan ditugun instalazioak ikustera, eta bertako eraikina handitzeko proiektuaren berri ere eman genion». Proiekturako aurtengo udal aurrekontuetako partidan «kostuaren erdia» sartzea aurreikusi dute, eta datorren urtekoan beste erdia aurreikusteko asmoa du udalak.
Gaur egun Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak 5.000 bazkide baino gehiago ditu.
Getariako Askizu auzoko frontoia (Nerea Uranga/Hitza).
Getaria: Askizuko frontoia itxi
Getariako Askizu auzoko frontoia ixteko asmoa du udalak. «Frontoia estalia da, baina euria egiten duen egunetan ura sartzen da barrura, eta busti egiten da frontoia. Ixteko eskaera auzotik bertatik etorri zen», azaldu du Nika Lertxundi Getariako alkateak. 31.000 euro inguru kostatuko da ixtea, eta aldundiaren planean 15.500 euro aurreikusi dituzte. «Orain, nola eta noizko egin udaleko kirol batzordean landu beharko dugu», esan du alkateak.
Orioko kiroldegiko gimnasioko obrak (Aiora Larrañaga/Hitza)
Orio: gimnasioa handitu
Joan den astean hasi zituzten Orioko kiroldegian gizonezkoen hidromasajerako gunea kendu eta gimnasioa handitzeko lanak. Aste honetan bertan obrak bukatzea aurreikusita dute kiroleko arduradunek. «Beste urteetan irailean hamabost egunez itxi egiten dugu gimnasioa, mantentze lanetarako. Aurten, ordea, orain obrak egiteko itxita daukagu, eta gero irailean zabalik egongo da», esan du Mikel Izquierdo Orioko Kirol teknikariak.
Gizonezkoen hidromasajerako gunea kendu egin dute, era horretan gimnasioa handitzeko aukera izateko. «Nahiko zaharkitua zegoen, eta mantentze lan zaila zuen. Orain, lurrunezko bainuetarako eta saunarako espazio misto bat egongo da».
Gimnasioa handituta, ekipamendu berria gehitzeko aukera ere egongo da. «Datorren astean oraindik ekipamendu berriak ez dira jarrita egongo, baina bi aste barru dena prest izatea espero dugu», azaldu du. Makina gehiago egongo direla aurreratu du.
Gimnasioan kirola lasaiago egiteko aukera egongo da lan hauek bukatutakoan: «Lehen ordu jakin batzuetan nahiko beteta egoten zen, eta horregatik erabaki zen handitzea».
Karela kiroldegian egiten ari diren lan hauek 150.000 euro inguruko aurrekontua dute. Orioko Udalak aurtengo udal aurrekontuan 75.000 euro aurreikusita ditu, eta aldundiak planaren barruan 41.329 euro.
Zarauzko Astiko kirolgunea (Amaia Ventas/Hitza)
Zarautz: Astiko kirolgunea birmoldatu
Zarautzen Astiko kirolgunea birmoldatu eta handitzeko asmoa du Zarauzko Udalak. Guztira, milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du; honetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014-2016 Kirol Ekipamenduen Planaren barruan 300.000 euro aurreikusi ditu. Zarauzko Udalak, berriz, aurtengo udal aurrekontuetan 200.000 euro ditu aurreikusita.
Astiko kirolguneko proiektua hainbat fasetan egiteko asmoa du udalak, Aser Lertxundi Kiroletako zinegotziaren arabera. Herriko kirol instalazioen aukera zabaltzea du helburu proiektuak: «Herrian hainbat kirol praktikatzen da, eta berri batzuk ere sortzen ari dira; esaterako, aurten herri-kirolen saila sortu da Zarautzen. Hainbat kirol azpiegitura gainezka daude, eta horri irtenbidea ematea nahi da Astiko kirol azpiegiturak handituta. Esaterako, errugbi taldeak gauzak gordetzeko toki falta du, eta atletismoak ez dauka espazio egokirik».
Behar horri erantzuteko, Astin atletismorako modulo berria eraiki nahi dute, aldagela berriak egin nahi dituzte eta baita gimnasio berria ere. «Era horretan, kirolerako herrian ditugun beste espazio batzuk arindu nahi dira, atletismoa egiteko espazio bat egongo da, eta futbolekoek eta errugbikoek aldagelak izango dituzte», esan du Lertxundik.
Obra handia da, eta baita aurrekontua ere: milioi bat euro ingurukoa. Hala ere, garaia kontuan izanda, udalak aurrezteko saiakera egiteko asmoa du: «Ez dugu nahi gehiegizko inbertsiorik egin. Garbi dugu azpiegiturak handitu beharra dagoela, dagoen beharra handia delako, kirol praktikarako espazioak gainezka daudelako, eta horrek elkarteen artean arazoak sortzen dituelako». Aurreproiektua landuta dute dagoeneko udal arduradunek, «baina, ikusita nahiko garestia dela, barne ariketa bat egiten ari gara, beharrei lehentasuna eman eta ezinbestekoetara joateko ahalegina egiteko», azaldu du Lertxundik.
Astiko kirol azpiegiturak birmoldatu eta handitzeko proiektuaren lehen faseko lanak Gabon ingururako martxan izatea nahi dute udaleko arduradun politikoek. Hala ere, obrek bertako kirol jardunean eraginik ez izateko antolatu beharko dute guztia. «Asti erabilera askoko espazioa da, eta obrak egin bitartean garai zaila gertatuko da. Denborarekin aztertu beharko da hori guztia, bertako kirol jardueren txapelketak eta halakoak kontuan hartuta. Dena ondo neurtu eta elkarteekin hitz egingo dugu, haien jardunean ahalik gutxien eragiteko».
Herriko kirol eragileekin lan egiteko Kirol Mahai bat sortzeko bidean ere lanean ari da Zarauzko Udala. Orain, herriko kirol errealitatearen gaineko azterketa bat osatzen ari dira. Gero, oinarrizko ondorioak aterako dituzte eta, segidan, herriko kirol eragileak biltzeko asmoa dute, «lehen errealitate hori adosteko». Paraleloki, Astiko kirol azpiegituretako proiektuaren inguruan ere bertan ibiltzen diren kirol elkarteekin bilduko da udala, «proiektua lantzen joateko».
Zumaian frontoia eraikitzeko obrak (Nerea Uranga/Hitza)
Zumaia: frontoi luzea eraiki
Zumaian otsailean hasi zituzten frontoi luzea eraikitzeko lanak. Hemezortzi hilabeteko epean frontoia bukatzeko asmoa dute. Zumaiako Udalak herriaren beharretara egokitutako frontoia lortzea du helburu kirol azpiegitura berri honekin. 2007ko azaroan Odieta frontoia eraitsi zuten, eta ordutik pilotaleku estalirik gabe dago Zumaia.
54 metro luzeko pilotalekua izango da, eta 700 ikusle sartzeko tokia izango du. Horrez gain, aldagelak, komunak, gelak eta taberna izango ditu. 3,5 milioi euroko aurrekontua du. Aldundiak aurkeztu duen kirol ekipamenduetarako planean 750.000 euro aurreikusi ditu Zumaiako kirol azpiegitura berrirako.
Zumaiako Udalak frontoi berria eraikitzeko hitzarmen bat eginda du Sukia etxe sustatzailearekin. Pilotalekuaren obra promotorak egingo du etxebizitza batzuk eraikitzearen truke, baina gero frontoiaren inguruko hiritartze lanak udalaren ardura izango dira. Lan horien proiektua emandakoan jakingo du udalak obren zenbatekoa.
Horrez gain, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu du Zumaiako Udalak gaur egun herrian kirol azpiegituretan dauden beharrak aztertuta, eta horien inguruko txostenak eginda dituela: «Futbolzelaia berritu beharra dago; kiroldegi barruan zenbait aldaketa egin beharra ere bai; eta, erabilera anitzeko gune estali bat ere behar da».