Iazko Txaparrotan eskubaloiaren festako irudi bat (Aritz Mutiozabal)
[Sasoian.info] Txaparrotan hondartzako eskubaloiaren festaren 11. ekitaldia egingo dute datozen bi asteburuetan Zarautzen. Ekainaren 28an eta 29an haurren txanda izango da, eta uztailaren 5ean eta 6an, berriz, helduena. Etzi 11:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara jokatuko dituzte partidak haurrek, eta igandean, 10:00etatik 19:15era.
Aurten 102 taldek eman dute izena lehen astebururako; infantil, kimu eta benjamin mailako 760 neska-mutil ariko dira, guztira. «Talde gehienak etxekoak edo ingurukoak badira ere, Oñatitik, Elgoibartik eta Errenteriatik ere animatu dira. Lehen herri mailakoa zena, egun Gipuzkoa osora zabaldu da», aditzera eman du Txaparrotan egitasmoko antolakuntzako kide Jone Salegik.
Haurren kopurua iazkoaren parekoa da. Helduetan, aitzitik, gorakada nabarmena izan du aurten: 99 taldek jokatuko dute, iaz baino 23 gehiagok; gizonezkoen 52 taldek, emakumezkoen 32 taldek, eta nahastuta osatutakoen 15 talde. Orotara, 738 lagunek.
Urtetik urtera goraka
Kopuruak eta zenbakiak ikusi besterik ez daude Txaparrotan onduta dagoen kirol festa bat dela konturatzeko. «Urtetik urtera goraka doa. Gure artean erdi-txantxetan ere aipatu izan dugu, plaieroen antzera hondartza guztia hartu beharko dugula jokatzeko», nabarmendu du Salegik. «Asteburu pasa ezberdin bat da. Kirol pixka bat egiten duzu, giro onean. Azken finean, eskubaloiaz gozatzeko lagunarteko topaketa bat da».
Haurrek jokatzeko sei joko eremu atonduko dituzte Desertu Txikian. Helduen kasuan, orain arte lau eremutaz baliatu izan dira, baina aurten agian sei jarri beharko dituztela aurreratu dute. Gainera, komun bat jarriko dute lehen aldiz jokalarientzat. «Horren falta nabaritzen genuen, eta lortu dugu azkenean», nabarmendu dute. Urtero bezala, antolakuntzak txosna bat jarriko du, edariekin eta pintxoekin, eta bestelako ekitaldirik ere izango da; haurren asteburuan, adibidez, jolasak egingo dituzte larunbat iluntzean.
Sariei dagokienez, haurrentzako jostailuak banatzen dituzte urtero, eta helduentzako, berriz, bokatak eta edariak egoten dira kirol egitasmoa babesten duten jatetxeen eta tabernen eskutik. Oroigarriak ere eman ohi dituzte txapelketan gehien nabarmendu diren jokalarientzat.