Gaur goizean kaioak ibili dira Orioko edukiontzietan. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Orion asteak daramatzate konposta edukiontzien egoerarekin haserre herritar batzuek. "Oso zikinak daude. Udala herritarrak konposta egitera animatzen ari da, baina edukiontziak garbitu egin behar dituzte, askotan atzerakoa ematen baitu bertara inguratzeak ere, oso zikinak egoten baitira. Azken egunetan, gainera, usaina oso txarra botatzen dute".
Zenbaitek pentsatuko dute hainbat oriotarren kexak gehiegizkoak direla, baina gaur goizean Arrantzale kalearen eta Ixarra kalearen artean dagoen edukiontzien gunean kaioak ibili dira zaborra jaten. Adineko auzotar batek azaldu duenez, kaioak edukiontzien inguruan ikusten dituen "lehen aldia" da. "Azken egunetan kiratsa darie edukiontziei eta garbitasuna zaintzen ez badute, gehiagotan pasako dela iruditzen zait", azaldu du. Kaia kalearen eta Herriko Plaza kalearen arteko edukiontzi gunearen inguruan bizi diren bizilagunak ere kexu dira, eguraldi beroa egiten duenean edukiontziek botatzen duten kiratsaren ondorioz "etxeko leihoak itxi" behar izaten dituztelako. "Arazoa lehenbailehen konpontzeko eskatu nahi diegu arduradunei", azaldu dute.
Urola Kostako Udal Elkartea arduratzen da zaborraren kudeaketaz, eta arduradunek azaldu dute aste honetan bertan edukiontziak garbitzea aurrikusita dutela. "15 egunetik behin garbitzen ditugu edukiontziak. Guk ere Urteta zabortegian antzeman dugu kaio gehiago dabiltzala, baina ez genekien herriguneko edukiontzietara hurbiltzen hasi zirenik". Udal elkarteko arduradunek badakite edukiontzien garbitasuna oso garrantzitsua dela, eta uda partean aurrekontuak onartzen badituzte, edukiontziak astero garbitzea da beren nahia.