'Karkara'-ren 25. urteurrena ospatzeko, Bikotekako Lasterketa berezia izango da

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ekainaren 25a

Aurten Karkara aldizkariak 25 urte bete ditu, eta urteurren borobila oriotarrekin eta aiarrekin ospatu nahi dute Karkara-ko kideek. Horretarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburuari begira. Larunbatean ospatuko dute Orion Karkararen 25. urteurren Eguna, eta horren barruan bigarren urtez Bikotekako Lasterketa egingo dute. Iaz, Karkara-ren eta Berria-ren aldeko bikotekako lasterketa mistoa antolatu zuten eta aurten, berriz, aukera zabaldu eta bikote guztiak izango dira ongi-etorriak. Tartean, bikote «bereziak» ere izango direla jakinarazi dute antolatzaileek: Orioko alkate Beñat Solaberrieta eta Aiako alkate Igor Iturain izango da horietako bat; Orioko Ikastolako zuzendari Zigor Saizar eta Zaragueta Herri Eskolako ordezkari Txetxu Lete, beste bat. Binakako lasterketa bi mailatan banatuta egingo dute. Alde batetik, 11:00etan haurren txanda izango da. 2,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Ikastolatik abiatuta. Bestetik, 11:30ean irtengo dira helduak, eta horiek 4 kilometro izango dituzte aurretik; hauek ere Ikastolan hasi eta bukatuko dute lasterketa. Binakako Lasterketan izena eman ez dutenek horretarako aukera dute Orioko Kutur Etxean eta Itziar kirol dendan. Karkarako kideek oriotarrak eta aiarrak lasterketan parte hartzera animatu nahi dituzte, «garrantzitsuena kirola egiten gozatzea, parte hartzea eta jai giroan ondo pasatzea delako». Bikotekako lasterketaz gain, euskaltzaleen bazkari herrikoia ere antolatu du Karkara-k larunbaterako. 14:00etan izango da hitzordua herriko plazan, eta bertan parte hartu nahi dutenek txartelak salgai izango dituzte Lore Burdindegian eta Orioko Kultur Etxean, 12 euroren truke. Bazkalondoren, Orioko Curriculuma Sortzen taldeak sortutako Orioko kantuen liburuxka banatuko diete bertaratu diren guztiei, eta kantuan girotuko dute herriko plaza. Aia ere ekitaldiz blai Aian ere ekitaldi sorta antolatu du Karkara-k aste honetarako. Gaur bertan izango da lehen hitzordua: Iñaki Perurenak Harri eta herri hitzaldia emango du 20:00etan Aiako Kultur Etxean. Ostiralean, berriz, 16:30etik aurrera Aiako haurrek plazako lurra kolorez bete eta margotzeko aukera izango dute, eta 20:00etatik aurrera Arramazka musika taldeak kontzertua emango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide