Raquel Azkue (Aritz Mutiozabal/Hitza)
«Harrituta eta gustura» dago Raquel Azkue (Zarautz, 1964) duela hiru bat aste jasotako berriarekin, eta «pixka bat urduri» ere bai. Bera aukeratu dute aurten Helduen Danborrada gidatzeko, «herriaren alde egindako lanagatik». Horretarako, San Pelaio Makila emango diote gaur eguerdian Zarauzko udaletxeko balkoian; danborradako aginte makila, alegia. Eta, ohiturarekin jarraituz, Cachi Bachi elkarte gastronomikoko zuzendariak makila eskuan duela botako du festak iragartzeko txupinazoa.
Ez da bakarrik egongo, ordea; aurten ZKE Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi ataleko ordezkariak ere arduratuko baitira sanpelaioei hasiera emateaz. Zehazki, nesken taldeko, mutilen taldeko eta zuzendaritzako ordezkari bana izango dira lan hori egiteko arduradunak.
Gustura al zaude jarri dizuten ardurarekin?
Ezusteko handia izan da niretzat, ezusteko atsegina, egia esan. Hasieratik esan zuten aurten emakume bati emango ziotela San Pelaio Makila, baina ez nuen espero niri emango zidatenik; izan ere, emakume askok hartzen dute parte Helduen Danborradan.
Ohorea izango da aginte makila jasoko duen lehenbiziko emakumea izatea, ez?
Ohorea da makil hori jasotzea, eta hori jakinda, are gehiago. Gustura nago, baina era berean, urduri jartzen hasia naiz dagoeneko. Gaur goizean lanean jardungo dut eta gaitzerdi; arratsaldean jarriko naiz urduri. Nik uste dut une hori ametsetan ere irudikatu dudala.
Hala ere, nahiko prestatuta izango duzu agerraldia, ezta?
Bai. Aurten, gainera, zuzendariok astebete lehenago hasi gara elkartzen. Aurten abesti berriak joko ditugu, eta horiek prestatzeko bildu gara. Hala ere, ohituta gaude.
Abesti berriak gehitzen zoazte pixkanaka. Errepertorioa zabaltzea al da helburua?
Bai, iaz abesti berri bat gehitu genion ohiko errepertorioari eta aurten beste bat. Pixkanaka ari gara zerrenda zabaltzen, hango eta hemengo festetako abestiak gurera ekarriz. Aurtengo kantu berriari
Cristobal Colon deitu diote.
Noiztik hartzen duzu parte sanpelaioetako Helduen Danborradan?
Hamabi urte inguru daramatzat parte hartzen, eta zuzendari gisa, berriz, zortzi urte. 2006. urtetik, hain zuzen ere. Egia esan, oso gustura jarduten dut.
Zer da zuretzat San Pelaio bezpera? Zer sentiarazten dizu?
Beti irrikitan egoten gara sanpelaioak iristeko, danborrada entseatzeko eta jendearekin elkartzeko. Niri oilo ipurdia jartzen zait Lege Zaharren Enparantzan elkarte guztietako ordezkariok biltzen garenean. Jendetza bertaratzen da, eta zirraragarria da. Gainera, hunkitu egiten nau danborradako ordezkariak San Pelaio Makila jasotzera udaletxera igotzen ikusteak. Aurten niri tokatuko zait balkoira igotzea, eta ez dakit nola egongo naizen. Luzaroan gogoan izango dudan gaua izango da, hori ziur.
Zer egingo duzu San Pelaio Makilarekin?
Bada, ez dakit, agian Cachi Bachi elkartera ekarri beharko dut. Jangelan jarriko dugu agian, denen bistan. Izan ere, aginte makila ez da izango niretzat bakarrik; elkarteko kide guztiontzat izango da.
Zenbat jendek hartuko du parte aurten Helduen Danborradan?
Zarauzko hamaika elkarte gastronomikotatik ateratako hamaika konpainiek —Arkaitz Mendi, Kayua, Carballeira, Arrano, Cachi Bachi, Udaberri, Francisco Zurbaran, Urpekoak, Ongi Etorri, Bai Batzokia eta Iñurritza— astinduko ditugu danborrak. Elkarte bakoitzak gutxi gorabehera 28-30 danborjole izaten ditu. Nahikoa jende izango gara, beraz. Ez dakit Lege Zaharren Enparantzan sartuko garen ere; estutu egin beharko gara. Izan ere, urtetik urtera herritar gehiago animatzen da zuzendari lanak egitera. Betidanik gutxi izan gara, baina pixkanaka-pixkanaka ari dira lotsa alde batera uzten.