Mikel Laboa kantari eta musikagile zenak bere omenezko eskultura bat izango du laster. Barruko sentipenetik abiatuta, eta eskerrak emateko beharrak hala bultzatuta, Xebas Larrañaga (Azkoitia, 1962) artista azkoitiarra ari da haren eskultura egiten. Izan ere, «halako lan bat edukitzea merezi duen pertsona» izan zela uste du Larrañagak.
Lana amaitu gabe badu ere, eskulturak Laboaren itxura osoa hartu du dagoeneko. 32 zentimetrotako bustoa egin du eskultoreak, eta irudia ezaguna da. Bufanda lepoan, txapela buruan, musikagile zenaren ohiko irudia eman nahi izan du: «Bere azken urteetako irudia da. Guztiok dugu Laboaren itxura hori buruan». Oinarrian, eginda du lana, baina orain asko pentsatutako azken ukituak egitea falta zaio: «Gutxi falta du, baina gutxi hori ez da berehala egiten. Saiakera eta ordu asko eskainita egiten dira pauso txiki hauek».
Zergatik Laboa galdetuta, «miresten dudalako», erantzun du tinko: «Laupabost urte nituenean Loiola Irratian entzuten nuen, Laboa zela jakin gabe. Gerora ohartu nintzen ahots hori berea zela». Euskal Herriko musikagintzako erreferente garrantzitsuenetako bat izan zen Laboa, eta hari eskerrak emateko modua dela berretsi du. Haren ibilbidea ezagutu izan ez balu, «niretzat garrantzitsua den zerbait ez nukeelako izango». Pertsona bat baino, «haratago doan izaki bat» bezala sentitzen du Larrañagak.
Musikariaren ibilbidea gertutik jarraitu izan zuen azkoitiarrak, eta harekin harremanik izan ez bazuen ere, behin ezagutu zuela gogoratzen du, Donostian: «Alde Zaharrean hurbildu nintzaion, bere lana niretzat oso garrantzitsua izan zela esateko».
Buruan bueltaka, egin arte
Barruko miresmena eta esker ona azaleratu nahian, iaztik ari da egiten Laboaren bustoa. «Laboa hil eta gero, lagun batek esan zidan hari buruzko eskultura egiteko lehiaketa bat zegoela, baina berandu zen ordurako». Ideiari bueltaka ibili zen ordutik, eta familiarengana gerturatu zen gero, argazkiak lortzeko. Ideia burutik kendu gabe ibili ostean, azkenean lanarekin hasteko pausoa eman zuen. Ordutik, boladaka jardun du eskulturarekin: «Horrek aukera ematen du distantziarekin begiratu eta beste freskotasun batekin lanean jarraitzeko», azaldu du.
Muga handi bat ere izan du, ordea, bitarte honetan, Laboa aurrez aurre eduki ez izanak lana zaildu diola azpimarratu baitu. Lan osoa bideoetan ikusitako irudien bidez egin behar izan du. «Irudia bilatu, eta geldituta egin dut lana. Izan ere, eskultura ez da margoa bezala. Eskulturan, ikuspuntu guztiak edukitzea komeni da. Asko konplikatzen da modu honetara lan egitean. Lan handia hartzen duzu, gero emaitza motz bat izateko».
Hurrengoa, Irujo
Laboaren familiak hasieratik izan du proiektuaren berri, eta orain arteko emaitza ere ikusi du, «gertukoenak zorrotzagoak izaten baitira iritzia emateko garaian». «Marisol [Bastida] alargunak esan zidan dagoen bezala ondo dagoela, ez ikutzeko gehiago. Alabari, berriz, atzeman nion zerbat falta zuela iruditu zaitzaiola». Senideen iritzia ez ezik, gertukoenak ere jakin nahi izan ditu. Hala, dagozkion aldaketak egin baino lehen, sare sozialetan jarri ditu eskulturaren irudiak. «Lana amaitu gabe dagoenean, bizirik dago, aldaketak egin baitaitezke. Ondoren, hil egiten dira», uste du Larrañagak. Bere kabuz egindako eskultura da, inork eskatu gabekoa. Hala, ateak irekita ditu amaitzen denerako: «Ikusiko da zer bide hartuko duen».
Laboarenakin batera, badu beste proiektu bat eskuartean. Pilotaren «zale amorratua» dela esan du, eta horregatik Juan Martinez de Irujo pilotariaren eskultura bat ere egiten hasia da. Larrañagaren arabera, begi onez jo du pilotariak proiektua, eta argazkiak atera eta neurriak ere hartu dizkio. Orain, zailena falta du: «Bera aurrean edukitzea nahiko nuke, eta berarekin hitz egin behar dut horretarako».