Xabier Etxabe liburuaren idazlea (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Zarauzko Ondartza taldeak euskal kulturari egindako ekarpen aberatsa bildu du Xabier Etxabek
Ondartza 50 urte (1963-2013) liburuxkan. Ez du ibilbide zehatza azaldu, baina garai hartako giroa eta Ondartzak izandako papera islatu ditu. Alde horretatik, «oso gustura» dago Etxabe. Pasa den ostiralean aurkeztu zuen zarauztarren aurrean, eta dagoeneko eskuragarri dago herriko liburu dendetan, bost euroan.
Ondartza taldea zer izan da Zarautzentzat?
Garai zailetan ekarpen handia egin zuen taldea izan da Ondartza. 60. hamarkadan sortu zuten, eta garai hartan euskal kulturaren inguruan zerbait egitea nobedadea zen. Ondartza taldeak, alde horretatik, hutsune bat bete zuen. Ez zen talde bakarra izan, ordea; sasoi hartan Euskal Jaiaren inguruan mugitzen zen batik bat euskal kultura, eta baziren horren inguruan lan egiten zuten Tximista eta beste talde batzuk. Baina, esan daiteke Ondartza azpiegitura eta jende aldetik talde indartsuena zela, bazuelako txistulari talde bat, dantzari taldea eta abesbatza bat ere bai.
Nortzuk osatzen zuten taldea?
Koadrila deitzen zioten garai hartan. Ez guk ulertzen dugun zentzuan. Talde zabala zen, gauza asko egiteko prest zegoen taldea. Nahiz eta batzuk ez izan dantzariak, ez txistulariak, ez ezer, laguntzen zuten edozer gauzetan. Nahiz eta itxura batean ibilbide motza izan, bizia izan zen. Batez ere, testuinguru horretan.
Nolakoa zen garai hartako testuingurua?
Kontuan izan behar da 50. hamarkadan ezer ez zegoela euskal kultura inguruan, eta gainera giroa oso kontrakoa zen. Horren alde lan egin zuen lehenbiziko taldea Irrintzi izan zen. Ondartzaren gisako taldea zen, hasieran dantzaren inguruan sortu zen eta gerora antzerki eta kultura munduan lan handia egin zuen. Talde hori desegin zen, partaideek ez zutelako luzaro jarraitzen, mutilak soldaduskara joan zirenean eta neskak ezkontzen zirenean. Ondartza sortu aurretik bazegoen Juventud Antoniana izeneko talde bat. Horrek bere barruan txistulari eta dantza talde bana zuen, eta jarraipena eman zion Irrintzik utzitako hutsuneari. Gerora hori ere desegin zen, talde barruko gorabehera batzuengatik. Hor ibilitako kide batzuk eta beste herritar batzuk elkartu, eta sortu zuten Ondartza 1963an.
Zortzi urte iraun zuen, baina eragin handia izan zuen herrian, ezta?
Bai. Garai hartan halako kultur ekitaldiek jende asko mugitzen zuen, baita ikusleak ere. Jende askok negar egiten zuen euskaraz zerbait eskaintzen bazen. Asko egin zuen Ondartzak, batez ere, taldeak antolatutako ekitaldiek zuten karga sinbolikoagatik. Zortzi urtera desagertu zen taldea, baina zenbait kidek jarraitu zuten lan horrekin. Horren erakusle da 2012ko irailaren 8an herritar ugarik egindako Aurresku Zaharra.
Eta nola antolatu duzu liburua ibilbide hori jasotzeko?
Zarauzko Folklorea liburua kaleratu genuen 2009an Xabier Alberdik eta biok, eta besteak beste, Ondartza taldea ere aipatu genuen liburu hartan. Banuen haien berri aurrez, beraz. Gerora, Ondartzakoak eurak etorri zitzaizkidan liburua idazteko proposamenarekin, orain urtebete. Onartu, eta haiekin zenbait bileratxo egin genituen. Nik idatzi egiten nuen informazioa bildu ahala, eta gero eurei pasatzen nien, gainbegira zezaten.
Lau ataletan banatu duzu liburua.
Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendiren eta neure hitzaurreak jaso ditut hasieran, eta ondoren hainbat atal bereizi dut. Lehenbizikoan testuingurua azaldu dut motzean, 60. hamarkadan nolakoa zen giro soziala eta politikoa Zarautzen. Baita Ondartzak testuinguru horretan izan zuen lekua ere. Horren aurrekariak ere gehitu ditut beste atal batean, batik bat Juventud Antoniana eta horren atzetik etorritako Ondartzaren sorrera. Hirugarren atalean Ondartzaren ibilbidea kontatu dut, 1963tik 1968ra. Ez da ibilbide zehatza; ekitaldi garrantzitsuenak aipatu ditut.
Horrez gain, atal berezia eskaini diot Aurresku Zaharrari, Ondartzaren ekarpena zein izan den eta gaurdaino aurreskuaren ibilbidea. Eta bukatu dut iaz taldearen 50. urteurrena ospatzeko antolatu zuten festarekin.