Irailaren 14a arte martxan izango da TAO sistema Getariako portuan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ekainaren 23a

Uda garaian TAO sistema dago martxan Getariako portuan. (Egilea: Aiora Larrañaga) Uda garaia iritsi da eta Getariako portuan TAO sistema jarri dute martxan irailaren 14a bitartean; egunero 10:00etatik 20:00etara. Iaz bezala ibilgailuen gaineko zerga herrian ordaintzen dutenek ez dute TAO gunean aparkatzeagatik ordaindu beharrik izango. "Hori bermatzeko nahikoa izango da aurreko urtean banatu ziren  pegatinak ibilgailuan ikusteko moduan eramatea. Beraz, herritarrek doan aparkatzeko aukera izango dute, arrantzaleek eta Alde Zaharreko ostalariek bezala" zehaztu dute Getariako Udaletik. Udalak Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hiru urteko hitzarmenari esker Getariako Udalak kudeatuko du aurten ere TAO sistema eta 10 lanpostu sortu dituzte uda garairako. "Getariako erroldatutako 10 lagun hartu ditugu eta hauek herriko udalbatzaingoarekin koordinatuta egingo dute lan" azaldu dute Udaletik.  Udalak langileak hautatzerakoan hainbat irizpide hartu du kontutan. Alde batetik, euskaraz jakitea eskatu dute, lanak herritarrekin zuzeneko harramana izatea eskatzen duelako. Bestetik, gidabaimena edukitzea eta duela hiru hilabetetik langabezian egotea ere kontutan hartu dute; horretaz gain, karga familiarrak dituztenak lehentasuna izan dutela ere zehaztu dute Udaletik. Getariako Udala oro har  "oso gustura" dago egun Getariako portuko aparkalekuak kudeatzeko indarrean dagoen sistemarekin. "2013ko esperientzia oso positiboa izan zen herriarentzat: funtzionamendua ona izan zen, langileek lan ona egiten zuten, portuko sarrerak eta irteerak ongi koordinatu ziren eta emaitza ekonomiko txukuna lortu zen. 2o14a ere horrela izatea espero dugu" azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide