Kepa Peñagarikanok pilota utziko du, saninazioetan ziurrenik

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 23a, 12:37

Bihar zen jokatzekoa bere agurreko partida, baina, eskuan mina duela-eta, atzeratu egin dute hitzordu hori eta San Inazio egunez Azpeitian joka dezake profesionaletako bere azken partida. Ekainean kontratua amaitzen zaio atzelari azpeitiarrari, eta enpresak kontratua ez berritzea erabaki du. Peñagarikanok ez du pilotan jarraitzeko beste aukerarik ikusten, izan ere "hau ez da futbola bezala, eta hemen ez da aukera handirik izaten". Krisi ekonomikoaren ondorioz, enpresak plantilla murriztu du, gainera, pilotariei aurrera jarraitzeko are eta aukera gutxiago utziz. Dena den, "banekien lehenago ala beranduago eguna iritsiko zela eta horretarako prestatzen hasia nengoen jada", azaldu dio Hitzari gaur goizean. 2001eko uztailaren 6an debutatu zuen profesionaletan, eta hamairu urtez aritu da Peñagarikano maila horretan. "Momentu txarrak eta onak pasata, gustura" dago egindako lanarekin, "ahal nuen guztia ematen saiatu naiz". Orain "bizitzako aro berri bati" ekingo dio pilotariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide