Zarauzko Alde Zaharreko oinezkoen guneetan ibilgailuen sarrera kamera bidez kontrolatuko dute aurrerantzean

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 23a

Alde Zaharreko oinezkoen eremuetara zamalanak egitera sartzeko sistema berria ezarri da. Kamera bidez funtzionatuko du eta ibilgailuen matrikulak irakurriko ditu autoak gune horietara sartzen direnean, eta baita irtetean ere. Ibilgailuek ezingo dute oinezkoen guneetara sartu, zamalanak egiteko ez bada. Horretarako ordutegia astelehenetik larunbatera 08:00etatik 11:00etara izango da, eta igande eta jaiegunetan itxita egongo da. Herrikobarra, Zigordia- Salegi eta Santa Marinan dauden zutoin hidraulikoak jaitsiko dira eta oinezkoen gunean  egoteko denbora muga 30 minutukoa izango da. Oinezkoen kaleetan 30 minutu baino gehiago ematen dituenari isuna jarriko zaio sistema horren bidez. Gogoratu dute ibilgailuek ezingo dutela 3,5 tonelada baino gehiagoko pisua izan. Bestalde, Amezti eta Trinidade kaleetako zutoin hidraulikoak beti itxita egongo dira. Kale horietan zamalanak egiteko baimena dutenek zamalanak egiteko ordutegiansartzeko aukera izango dute, matrikulak irakurtzeko gai den kamara sistemari esker. Kasu hauetan, astearte eta ostegun arratsaldeetan 15:00etatik 17:00etara ere sartzeko aukera izango da. Orain arte  08:00ak baino lehenago zamalanak egitera sartzeko baimena zutenek baimena izaten jarraituko dute eremu guztietan, baldin eta zaratarik ateratzen ez badute eta bizilagunen kexurik jasotzen ez bada. Zamalanak egiteko aparteko premiarik izango balitz, behar hori ongi justifikatuaz baimena eskatu beharko da, eta udalak erabakiko du hori eman ala ez. Eremu horretako garajeen jabeei salbuespena onartuko zaie, eta bertan bizi diren herritarrek hilero gehienez sei aldiz sartzeko aukera izango dute. Gaiari buruzko informazio gehiago jaso eta zalantzak argitzeko, Udaltzaingoaren bulegoetara (Zigordia kalea, 13) gerturatu ahalko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide