Getariako EAJko hautetsiek udalbatzarretik alde egin dute getariarrei dieten "errespetuagatik"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ekainaren 20a

[caption id="attachment_100521" align="aligncenter" width="300"]Getariako EAJko zinegotziek udalbatzarra utzi zuten ostegunean. (Egilea: Aiora Larrañaga) Getariako EAJko zinegotziek udalbatzarra utzi zuten ostegunean. (Egilea: Aiora Larrañaga)[/caption] Ostegun arratsaldean ez ohiko udalbatzarra egin zuten Getarian eta tentsioa izan zen nagusi zinegotzien artean; EAJko zinegotziek udalbatzarretik alde egin zuten "gobernuaren axolagabekeri" salatzeko. 2014ko udal aurrekontuak harrotu zituen hautsak. Izan ere, EAJ udal taldeak 2014ko aurrekontuari lau alegazio jarri zizkion, baina "akats" bat izan zuten eta baliozko epea amaituta zegoenean aurkeztu zituzten emendakinak. Hori dela-eta, jendaurreko baliozko erakustaldi epean erreklamaziorik jaso ez dutenez behin betiko onartutzat jo zituzten 2014ko udal aurrekontuak eta Getariako alkate Nika Lertxundik udalbatzarreko gai zerrendatik kendu zuen EAJk aurkeztutako emendakinen bozketa; hala ere, "proposamenak aztertu eta kontutan hartuko" dituztela baieztatu zuen. EAJko zinegotziak ez ziren ados agertu erabakiarekin, "epea zenbatzerakoan akatsa egin" zutela aitortu zuten eta "superatiba dagoenez, kreditu aldaketa bidez beraiek egindako proposamenak" onartzea eskatu zuten. Eskaera baztertu zuen Getariako alkateak, EAJren proposamenek 170.000 euroko kostua dutela-eta "proiektuak onartu aurretik batzordean landu behar direla" arrazoituta. Udalbatzarreko bigarren puntuan Ulpiano Virgil-Escalera eraikinean Osasun Zentroa egiteko Getariako alkateari Udalaren izenean Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzeko eskumena ematea bozkatu zuten. EAJk gaia mahai gainean uztea eskatu zuen, "ehun orritik gorako txostena udalbatzarraren egunean bertan arratsaldeko 15:00etan jaso zutela eta behar den bezala lantzeko astirik izan ez zutela" argudiatuta. "Aurreko puntuan gaiak batzordeetan landu behar direla esan duzue eta uste dugu garrantzitsua dela gai hau udal talde guztiek dagokion batzordean jorratzea. Ez dugu nahi txostena onartu zer dioen jakin gabe" zehaztu zuen. Alkatea, ordea, ez zen EAJren eskariarekin ados agertu eta erabakiak lehenbailehen hartzea "premiazkoa" dela esanez baztertu egin zuen EAJren proposamena. Getaiko Independentea udal taldeko ordezkari Aitor Bikuña ere puntua bozkatzearekin ados agertu zen."Egia da gaia atzeratu egin dela, proiektua konplexua da eta gehiago aztertu beharko litzateke, baina denborarik ez dago" azaldu zuen. Alkateak emandako erantzunaren aurrean eta udalbatzar aretoan geratuz gero botoa eman behar zutela jakinda EAJko zinegotziek udalbatzar aretoa utzi zuten. "Guk egindako proposamenak landuta, aztertuta eta hitz eginda izan arren ez zuten horiek betetzeko konpromisorik hartu nahi izan eta batzordetan landu behar zirela esan ziguten. Udalak Eusko Jaurlaritzarekin egin behar dien hitzarmen garrantzitsua, berriz, batzordetik pasa gabe eta irakurri ere egin gabe bozkatzea nahi zuten. Presazkoa izan arren gaiak ezin dira bozkatu zertaz ari garen jakin gabe, horregatik arduraz jokatu genuen eta ez genuen bozketan parte hartu herritarrei diegu errespetuagatik" azaldu du Andoni Aristi EAJko zerrendaburuak. Azkenean Bildu eta Getaiko Independentea udal taldeen aldeko botoekin Nika Lertxundi alkateari Getariako Udalaren izenean Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzeko eskuma ematea onartu zuten.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide