Azpeitiko EH Bilduk "oso positiboki" baloratu du joan den asteburuko herri galdeketa

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 20a

Azpeitiko EH Bilduk positiboki baloratu du joan den asteburuan plaza eraberritzekon egindako herri galdeketa. Euren ustez, "demokrazia parte-hartzailean oinarritutako politika eredu berria bere ibilbidea egiten" ari da eta adibidetzat jarri ditu aurrekontu parte-hartzaileak, arlokako mahaiak, auzo alkateak nahiz parte-hartze ordenantza. Bide horretan, pasa den asteburuan, "pauso bat gehiago eman zen herri galdeketarekin" EH Bilduren iritziz. 3.573 herritarrek eman zuten euren boza , eta "gehiengoaren ahotsa entzutea egokiagoa" litzatekeen arren eta "bide horretan sakontzeko asko" dagoen arren, euren iritziz "ez da kopuru makala lehen aldia izateko". Herriko plaza oinezkotzearen aldeko "jarrera argia" agertu izan du beti EH Bilduk, euren ustez "Alde Zaharraren biziberritzearen ardatz nagusienetakoa" baita. Horren harira diote, "argi geratu" dela "herritarren gehiengoak ere hala baloratzen duela, bozkatu dutenen %66aren babesa jaso baitu planteatzen den norabideak". Nabarmendu dutenez, kioskoaren aldeko gehiengoa ere argia izan da. Gustuko proiektuen artean aukeratzerakoan, herritarren %86 lehenengo eta bigarrengo proiektuen alde kokatu zenez, eta bigarrenak boto bakarreko aldea atera zionez lehenengoari, "ia berdinketa tekniko bat" gertatu dela diote, eta euren ustez "jarraipen batzordearen zeregina izan beharko du herritarren gehiengoaren nahia ahalik eta egokien gauzatzea". "Bakoitzak bere ikuspegiak defendatuz eta bere argudioak plazaratuz, herrian eztabaida modu egokian eman izana" bereziki azpimarratu dute, galdeketa "inongo arazorik gabe" gauzatu dela nabarmentzearekin batera. EH Bilduk herritarren parte hartzea "etorkizuneko politikaren zutabe nagusi izatea ahalbideratu" nahi duela adierazi du eta bide horretan herri galdeketek "bere tokia" izango dutela aurreratu dute, "etorkizuneko hainbat korapilo askatzeko tresna baliagarria dela erakutsi baita". Horrez gain, EH Bilduren iritziz, plazaren oinezkotzearen inguruko herri galdeketak, "Alde Zaharraren biziberritzeak duen garrantziaz jabetzeko" balio izan du. "Herriko plazak etorkizunean zer izan behar duen eztabaidatzeak gure Alde Zaharraren garrantziaz kontzientziatzeko balio behar du. Eta hori da gure hautua", diote. Alde Zaharraren biziberritzean "aurrera pausuak emateko konpromiso osoa" agertu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide