San Joan festak Zelai Ondora itzuli dira

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko ekainaren 20a

Zelai Ondoko festa batzordea Duela urte batzuetako tradizioari heldu, eta Zelai Ondoko festak antolatu dituzte aurten Zarautzen. Auzotarrak elkartu eta festa batzordea sortu dute, eta ordutik buru-belarri jardun dute ospakizunak antolatzen. «Duela hamabost urte antolatu zituzten azkenekoz Zelai Ondoko jaiak. Aurten hainbat adinetako auzotarrak biltzea erabaki eta batzordea osatu dugu. Berritasun gisa, Mitxelenako lagunak ere batu zaizkigu», azaldu du Ander Etxaniz festa batzordeko kideak. Aitortu du ez dutela esperientzia asko, baina nabarmendu du «lan egiteko gogoa, gauzak ongi egiteko gogoa eta ilusioa, soberan» dituztela. Eta horren adierazle da antolatu duten egitarau zabala: «Lehenbiziko urtea izateko, egitarau nahiko txukuna antolatu dugu». Herenegun aurkeztu zuten ekitaldi zerrenda, Zelai Ondoko bolatokian bertan. Hori «pozgarria» dela nabarmendu zuen Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek, jai batzordeak garai bateko festak berreskuratu dituelako eta San Joan bezperako ekitaldiak antolatzeaz arduratu delako. «San Pelaio festen atarian Zelai Ondon bertan ere izango ditugu festak aurten». Gaur botako dute festak iragartzeko txupinazoa, 18:30ean. Eta hortik hasita, ez da aspertzeko aukerarik izango auzoan astelehenera bitartean, San Joan bezperara arte, alegia. Izan ere, askotariko ekitaldiak izango dira datozen lau egunetan: halterofilia erakustaldia; parrillada; Malaqoda, Pariak Bai, Fan&Go, Eroeria eta Egan taldeen kontzertuak; marrazki eta tortilla lehiaketak; auzo krosa; buruhandiak; ipuin kontalaria; Bolo eta Toka Txapelketa Andres Illarramendiren omenez; herri bazkaria eta beste hainbat. Astelehenean 22:00ak aldera piztuko dute San Joan sua. Aurten Ezpeletako zelaian izango da festa, Mondra tabernaren parean. Jalgi dantza taldeak, Alproja antzerki taldeak eta Montetxio abesbatzak girotuko dute gau berezi hori. 20:00etan sardina jana egingo dute Mondran. Suaren bueltan, herriz herri San Joan bezpera ez da Zarautzen soilik ospatuko; urtero legez, sua piztuko dute Urola Kostako herri guztietan, eta ekitaldi ugari antolatu dute horren inguruan. Zenbait herritan, gainera, ospakizunak luzatuko dituzte, Getarian eta Azpeitian, esaterako. Azpeitiko Oñatz auzoa alaituko dute Haritz eta Motte tirikitilariek hilaren 22an. Getarian meza nagusia ospatuko dute egun horretan auzoko hildakoen alde, eta asteartean trikitilariak, ume jolasak, bertso-poteoa, afaria eta erromeria izango dira Izer, Alabier eta Lutxurdiorekin. Zelai Ondoko jaietako egitaraua
  • Gaur, ekainak 20.
- 18:30. Txupinazoa. - Ondoren. Buruhandiak eta tabernaren irekiera. - 19:00-22:30. Parrillada egingo dute bolatokian Malaqoda taldearekin. - 19:30. Izeta harri-jasotzailearen eskolaren eta ZKEko Halterofilia sailaren erakustaldia Zelai Ondoko pistan. - 22:30. Egan taldearen kontzertua.
  • Bihar, ekainak 21.
- 09:00. Txistulariak. - 10:00-11:30. Marrazki eta tortilla txapelketak. - 11:30 - 14:00. Puzgarriak pistan. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian. - 12:00. Tortilla txapelketako tortillen aurkezpena. - 13:00. Tortilla eta Marrazki lehiaketetako sari banaketak. - 15:30. Mus txapelketa auzoko tabernan. Izen ematea 10:00etatik 15:00etara. - 16:00-18:00. Puzgarriak pistan. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian. - 17:00-20:00. Bolotan eta tokara jokatu ahalko da. - 17:30. Zelai Ondoko Auzo Krosa. - 18:30. Txokolatada. - 19:30. Apaxi ipuin kontalaria. - 20:30. Buruhandiak. - 22:00. Pariak Bai eta Fan&Go taldeen kontzertuak.
  • Ekainak 22, igandea.
- 10:00. Zelai Ondoko Bolo eta Toka Txapelketa, Andres Illarramendiren eskutik. Izen ematea 09:00etatik 12:00etara. - 11:00. Haur jolasak pistan. - 14:00. Herri bazkaria pistan. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian. - 18:00. Kontzertu-kalejira Eromeria taldearekin.
  • Ekainak 23, astelehena.
- 10:00. Haur jolasak eta futbolin eta ping-pong txapelketak. - 20:00. Sardina jana Mondra tabernaren parean. - 22:00. San Joan sua Mondra pareko zelaian. Jalgi dantza taldeak, Alproja antzerki taldeak eta Montetxio abesbatzak girotuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide