Joan den urteko abenduan adostu zuten Zestoako Bildu eta EAJk, herrian hondakinak biltzeko sistema komunitarioa martxan jartzeko akordioa eta hil honen amaiera, ekainaren 30ean, jarriko da abian.
Bi eremu desberdin izango dira herrian eta bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu bilketari dagokionez.
- Zestoa kaskoan, Iraetan eta Arroa Behean
Etxeko atarietan jarri eta kenduko diren edukiontzietan botako dira hondakinak. Horretarako ordutegia arratsaldeko 20:00etatik 22:00etara izango da eta egun bakoitzean hondakin mota bat bota ahal izango da.
Astelehenetan: Ontzi arinak
Asteartetan: Material organikoa
Asteazkenetan: Errefusa
Ostegunetan: Ontzi arinak
Ostiraletan: Material organikoa
Larunbatetan: Ez da bilketarik egingo
Igandetan: Material organikoa
Eremu honetan, pardelak botatzeko beharra duenak egunero bota ahal izango ditu edukiontzietan. Behar hori duenak, aurrez Hondakinen Informazio Bulegoan izena eman beharko du eta pegatinak emango zaizkio pardelak botatzeko poltsan. Beira, papera eta kartoia, orain arte bezala jasoko dira, edukiontzi finkoen bitartez.
Herrigunean, bestetik, Larrialdi Gunea kokatu da, salbuespenetarako. Hondakinak ohiko ordutegian bota ezin dituzten herritarrek (oporretara doazelako edo erreleboka lan egiten dutelako, esaterako) edo dagokion egunean bota ezin dituen hondakinak dituenak erabil dezake gune hau. Idiazpi kaleko ekarpen gunea izango da larrialdiko gune hau eta erabili ahal izateko Hondakinen Informazio Bulegoan txartela eskatu beharko da eta erabili ahala itzuli egin beharko da.
- Landa eremuan nahiz gainontzeko auzoetan
Ekarpen guneak jarriko dira gaikako bilketa egiteko. Gune horietan, material organikoa ez beste hondakin mota guztiak biltzeko edukiontziak daude, izan ere, material organikoa auzokonposta edo autokonposta bitartez kudeatuko dute eremu horietako bizilagunek. Udalak adierazi duenez, herritarrek jada badute dagokien ekarpen gunera sartzeko giltza edo txartela.
Aurrez kit-a jaso behar
Bilketa berria modu egokian eta erosoan egin ahal izateko, herritarrek kit bat jaso beharko dute sistema berria matxan jarri aurretik. Kit horretan poltsa konpostagarriak, zalantzak argitzeko Zer-Non Hiztegia eta hondakin bakoitza zer egunetan eta zer ordutan atera behar den azaltzen duen asteko egutegi-ordutegia banatuko zaie herritarrei. Kit hau jasotzeko egunak eta orduak honakoak izango dira: ekainaren 24 asteartean, goizeko, 12:00etatik 13:00etara Arroa Beheko elkartean eta arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara Iraetako elkartean. Ekainaren 25ean, asteazkenean goizeko, 12:00etatik 13:00etara Iraetako elkartean arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara Arroa Beheko elkartean. Herrigunean ekainaren 26an eta 27an banatuko dira, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00etara, udaletxeko behe-solairuan dagoen Hondakinen Informazio Bulegoan.
Landa guneetako bizilagunek etxean jasoko dute bilketa eredu berrira egokitzeko beharrezko material guztia.
Aldaketak herritarrei azaltzen
Abenduan akordioa lortu zenetik, Zestoako Udala eta Urola Erdiko Mankomunitatea prestatze lanetan aritu dira eta sistemak dakartzan aldaketak herritarrei azaltzeko. Hala, udaletxean Hondakinen Informazio Bulegoa zabaldu zen eta bertan bi hezitzaile daude lanean herritarren zalantzak argitzen. Auzoz auzo ere bilerak egin ziren herriatarrekin, sistema azaldu eta ekarpenak jasotzeko. Merkatariekin ere bildu dira, funtzionamendua azladu eta sistema berria euren beharretara egokitzeko moduak adosteko. Horrez gain, herriko ikastetxe eta adineko egoitzetan formakuntza ikastaroak eskaini dira.