Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika diputatu Ander Rodriguez eta Getariako alkate Nika Lertxundi. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Ostegun arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek eta Getariako alkate Nika Lertxundik Getariako Eguneko Zentroa martxan jartzeko hitzarmena sinatu zuten. Balentziaga kaleko Ulpiano Virgil-Escalera eraikinean irekiko dute zerbitzua 2015ko urtarrilean eta 20 plaza eskainiko ditu. "Mendekotasun egoeran dauden pertsonek eta adinekoek beraientzat bereziki prestatutako lekua izango dute Getariatik atera gabe" azaldu dute bi erakundeetako arduradunek. Orain arte Getariako portuko Itsas-etxe eraikineko hirugarren solairuan izan da eguneko zentroa. "Eraikina herriaren beheko aldean dago eta bertara iristeko aldapa handia dagoenez, erabiltzaileek bertara iristeko zailtasun handiak izaten dituzte" azaldu dute. Horren aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak ahalegin berezia egin dute eguneko zentro berria abiatzeko.
Rodriguezen esanetan eguneko zentroak "garrantzitsuak" dira, erabiltzaileen osasun maila eta menpeko pertsonaren eta familiakoen bizi kalitatea hobetzen laguntzen dutelako. "Erabiltzaileek ahalik eta autonomia mailarik handiena berreskuratzea edo mantentzea dute helburu. Hartara, adineko pertsonei tratamendu terapeutikoak eta erreabilitazioa eskaintzen zaie, baita bizitzako ohiko jardueran egiteko laguntza ere". Horretaz gain, zerbitzu berriak menpeko pertsonen familiakoei ere lagundu nahi die, "bertako langileek aholkuak emango dizkiete familiakoei, menpeko pertsonak egunean zehar ere behar bezala zaindu ditzaten" azaldu du Lertxundik. Gainera, erabiltzaileei garraio egokitua eskainiko zaie etxetik eguneko zentrora joan-etorria egiteko.
Nika Lertxundi Getariako adierazi azaldu duenez, "egun herrian 65 urtetik gorako 500 lagun baino gehiago daude eta eguneko zentro berriak getariar askoren eskaeari erantzungo dio".