Iraurgi SBk saskibaloi topaketa antolatu du asteburu honetarako

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 20a

Topaketaren barruan saskibaloi txapelketa jokatuko da eta herri desberdinetako hamar taldek hartuko dute parte: Txingudi, Tabirako, Easo, Irabia, Baskonia, Salesianos, Pielagos, San Ignacio, Beasain eta Iraurgi SB. Jokalariak 2002 eta 2005 urteen artean jaiotako neska-mutilak izango dira eta maila desberdinetan egongo dira banatuta: "Txikienekin saskibaloian landu ahal diren laguntasuna eta elkarkidetza baloreak martxan jartzeko helburuarekin" adierazi dute antolatzaileek. Saskibaloi partidak Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako kiroldegietan, Urola ikastolan eta Perdillegin jokatuko dira. Larunbatean, goizez eta arratsaldez sailkapen partidak izango dira. Igande goizean, aldiz, finalerdiak eta finalak jokatuko dira Azkoitan, Azpeitian eta Zestoan eta 12:30etatik aurrera hasiko da garaikur eta sari banaketa. Iraurgi Saskibaloi Elkarteak azpimarratu duenez, "Asteburu hau txikienekin saskibaloiaz gozatzeko aukera bikaina izango da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide