Gutuna: Zarauzko etxe senegaldarra erre egin dute

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 19a

"Gure etxetxoa erre egin dute!!!!" zioen Beñatek…eta bai, horrelaxe da. Batzuk amets ederrak izaten dituzte eta amets horiek egi bihurtu eta besteokin partekatzen dituzte eta horregatik sentitzen dugu "gu” edo “gure” sentsazio edo sentimendu hau, gizakiarentzat hain garrantzitsua den sentimendu hau, isolamendutik ateratzen gaituena, elkarrekin garela sentitzera eramaten gaituena. Eta horrela izan da dudarik gabe Bassari etxearen eraikuntza. Haur mordo baten eskuen laguntzaz eraikia izan da, ilusioz beterik ikusi ahal izan ditugu eskoletatik zetozen hainbat haur, lurra harriarekin eta lastoarekin nahasten, menditxoa egiten, menditxoari erdian zulotxo bat egin eta bertara ura botatzen, gero nahasketa oinekin zapaltzeko, trantze dantza zoragarri batean… Haurrez gain, bertara inguratu den guztiak izan du atea zabalik, leku hura berea ere badela sentitzeko… Kultura senegaldarraren eta Euskal kulturaren arteko harremanean oinarrituriko bizitzaren aldeko erritoaren lekukoa ere izan da… Beraz, magia eta ilusioz beteriko proiektua dudarik gabe.

Eta lehengo asteburuan erre egin dute. Eta amorratu gara, tristetu gara…Nork? Zergatik? Zer sortzen dugu gizarte honetan bata bestearenganako errespetua galtzera eramaten gaituena? Besteen ilusioak zapuztera eramaten gaituena? Galdera hauek guztiak gehienetan bezala erantzun gabe geratuko dira. Eta orain errautsak jasotzea geratzen da. Eta bizitza askotan ez denez guk nahi bezalakoa, bizitza ia beti den bezalakoa denez, pentsatuko dugu hemendik ere zerbait ikasiko dugula. Beharbada, hondakinetatik ere amets berriak sortzen ikasi beharko dugu, sekula ere etsi gabe…Eta izan ditezela amets horiek lehen baino handiagoak eta ilusioz beteagoak!!! Mila esker hau guztia posible egiten lagundu duzuen guztiei!

Ainhoa Alberdi Gisasola

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide