Sanpelaioen atarian hainbat ekitaldi izango da Iñurritzan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko ekainaren 20a

Urtero bezala, San Pelaio jaien aurreko asteburuan hainbat ekitaldi izango da Iñurritzan. Gaur Makala Jazz Funk Band izango da Yubio jatetxearen atarian (8. orrian xehetasunak), Kale Gorrian Iñurritza taldeak antolatuta. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera eskainiko du emanaldia talde horrek, eta ondoren Makala ariko da diskoak jartzen. Iñurritzako jai batzordeak ere egun borobila antolatu du biharko, San Pelaio jaietarako motorrak berotzen joateko. Urtero bezala, 10:00etan zabalduko dute bertako produktuen azoka Iñurritzako zelaian. Besteak beste, barazkiak, eztia, gozokiak, ogia, gazta, haragia, loreak eta artisau produktuak jarriko dituzte salgai askotariko postuetan. 11:30etik aurrera, berriz, marrazkiak egiteko aukera izango dute haurrek auzoko pilotalekuan, Juan Luis Mendizabal Mendi margolariaren gidaritzapean. Txakolina dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. 12:30etik aurrera hainbat edari eskainiko dituzte zelaian. Bazkalostean, Jalgi dantza taldearen erakustaldia izango da. 17:30ak aldera hasiko du talde horrek emanaldia. Nahikoa dantza egin ostean, triki-poteoa hasiko dute auzotarrek 19:00etan. Jokoak ere egingo dituzte auzoko tabernetan. Ibilbidea Iñurritza elkartean hasiko dute. Eguna ongi amaitzeko kantu afaria egingo dute, 21:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide