Gipuzkoako Herriarteko Zesta-Punta Txapelketako finala jokatuko du Zumaiak etzi, Mutrikuren aurka

Aritz Mutiozabal 2014ko ekainaren 20a

Beste urte batez Gipuzkoako Herriarteko Zesta-Punta Txapelketako finalean ariko da Zumaia, eta aurten ere Mutriku izango du aurkari. Igandean izango da jaialdia Donostiako Balda pilotalekuan, 10:30ean hasita. Iaz Mutriku izan zen txapeldun, eta Zumaia txapeldunorde. Aurten, ordea, alderantzizkoa bilatzen saiatuko dira zumaiarrak, bederatzigarren txapela janzteko. Aurreko asteburuan ligaxkako azken jardunaldia jokatu zuten, eta bi herriek elkarren aurka neurtu zituzten indarrak, Getariako Sahatsaga pilotalekuan. Norgehiagoka horretan zumaiarrak gailendu baziren ere, Zumaiako Zesta-Punta Eskolako arduradun eta pilotari Aitzol Etxaberi ez zaio iruditzen azken jardunaldia finala izango denaren aurrerapena izan zenik. «Ez dut uste faboritoak garenik. Berdintasun handia dago». Alde horretatik, finaleko partidak parekatuak eta borrokatuak izango direla aurreikusten dute. «Gakoa jubenilen arteko partida izango da», nabarmendu du Etxabek. Seniorren artekoa ere garrantzitsua izango da txapeldun izateko bidean. Aitzitik, kadeteetan Mutriku gehiago dela, eta seguraski haiek irabaziko dutela aurreratu du. Aurten, birritan lehiatu dira elkarren aurka ligaxkan; lehen garaipena mutrikuarrentzat izan zen eta bigarrena, aurreko astekoa, zumaiarrentzat. Beraz, hirugarren aurrez aurrekoak hautsiko du berdinketa, eta erabakiko du txapela norentzat izango den. «Prestigioa eta dirua» Zumaiak ibilbide luzea bezain oparoa du Herriartekoan. «Aurten hamazazpigarrenez antolatu dute, eta horietatik zortzi guk irabazi ditugu; eta beste bospasei alditan izan gara txapeldunorde», nabarmendu du Zumaiako Zesta Punta Eskolako arduradunak. «Irabazteak prestigioa eta dirua ematen dio elkarteari», gaineratu du. Hain zuzen ere, txapelketa irabazteagatik sari ekonomiko bat jasotzen dute, baina ez da garai batean adina. «Esku pilotaren aldean txikia da zesta-puntako saria. Asko jaitsi da, egia esan. Kontuan izan behar da aurten hiru herrik (Zumaia, Tolosa eta Mutriku) baino ez dugula jokatu, eta horrek ere eragiten du». Herriartekoa binakako txapelketa izaten da, eta herri bakoitza hiru kategoritan lehiatzen da aldioro; hiru partida jokatzen dira (kadete, jubenil eta senior mailetan). Hiru partidetatik bi gutxienez irabazten dituenak irabazten du. Kadetetan Eduardo Agirre eta Aitor Larrañaga aritu dira jokoan Zumaiako taldean; jubeniletan, Koxme Agirre eta Ekaitza Osa; eta seniorretan, Unai Uranga eta Aitzol Etxabe. Finalean, ordea, Etxabe ez da lehiatuko, eta haren ordez litekeena da Luis Etxabek jokatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide