Tik tara taldea estudioan (Amaia Ventas/ Hitza)
Tik Tara taldea bigarren ametsa betetzeko bidean da:
Gora gerri askeak diskoa kaleratzea. Proiektua ontzeko, ordea, herritarren laguntza behar dute taldekideek. Crowdfunding sistema baliatu dute horretarako. Hala, taldeak diskoa kalera dezan jendeak aurrez ekarpen bat egin behar du, eta trukean, Tik Tararen materiala eskuratzen du, behin diskoa kaleratzen dutenean. Lagundu nahi dutenek tiktara.com webgunera sar daitezke, eta bertan jasoko dituzte jarraibideak diru ekarpena egiteko.
Tik Tarakoak duela bi aste hasi ziren disko berria grabatzen, Hernaniko Oh! Brother estudioan. Prestaketari, ordea, lehenago heldu zioten. Urtebete daramate kantu berrien gidak zehazten, gerora horien erritmora musika tresnak grabatzeko. Pasa den astean bateria grabatu zuten, eta larunbatean ekin zioten baxuaren grabazioari. Aurreneko fasean oinarri erritmikoa landuko dute. Uztailean atseden hartu ondoren, abuztuan alde armonikoari helduko diote. Prozesua ongi joanez gero, urria-azaroa aldera prest izango dute lan berria. Aurrez aurkezteko asmoa badute ere, helburua Durangoko Azokarako prest edukitzea dela azaldu du Jon Zulaika bateria joleak.
Gora gerri askeak izenburua jarri diote lan berriari, eurek hasiera-hasieratik errepikatzen duten esaldia. «Euskal Herrian ez gaude atrofiatuta, baina pentsatzen dugu euskaldunok ez dakigula dantza egiten», nabarmendu du Harkaitz Bastarrika Tik Tarako abeslariak: «Badirudi erritmo latino bat jotzen dutenean jakin egin behar duzula ongi dantzatzen; ez da horrela». Gerria askatzea da kontua. Eta horretan lagunduko du disko berriak. Sorrera lehen lanak bezala, disko berriak ere dantza egitera bultzatuko du entzulea. «Bizpahiru abesti lasai ditugu, baina gainontzekoak oso dantzagarriak dira. Diskoak izenburuari ohore egiten dio».
Berritasun gisa, gainera, Afrika iparraldeko doinuak ere sartuko dituzte oraingoan. «Aurreko diskoan gehienbat ohiko erritmo afrokubatarrak landu genituen, runba eta saltsa, kasu. Orain pixka bat ireki eta Afrikaraino joan gara», nabarmendu du Zulaikak. Zentzu batean, «sustraietara itzuliz».
Hamalau kanturekin sartu dira estudioan, baina ez dakite zenbatekin irtengo diren. «Atera daitezke hamar ala hamalau», aitortu du Bastarrikak.
Ametsari jarraipena eman
«Gu musikatik bizi gara, eta ezin dugu kontzertuetan biltzen dugun dirua disko bat kaleratzeko erabili. Finean, hori delako gure soldata». Sorrera diskoa baliabide gutxirekin grabatu zuten, eta «erantzun ona» izan zuen. Hori ikusita, bigarrengoarekin zerbait landuagoa eskaini nahi dute. Diskoa finantzatzeko oztopoak dituztela-eta, crowfunding kanpaina abiatu dute. «Azkenean, produktua aurrez erosiko du jendeak, eta guri aukera emango digu proiektua aurrera ateratzeko».
Bide onetik doaz, gainera: 28 egunetan (atzo) 3.563 euro eskuratu dituzte. 16 egun dituzte 6.500 eurotara iristeko. «Gure helburua ez da dirua lortzea; gure musika zabaltzen eta ametsari jarraipena ematea baizik».