Herritarrei esker bete dituzte HITZA-k 10 urte, eta Baleike-k 20. Tokiko komunikabide horien ibilbidean irakurle papera izan dute herritar askok; informazio sortzaile eta egitasmo egile izan dira beste asko; sarean jarraitzaile, beste horrenbeste; publizitatea jarri duten dendari txiki eta handiak ere hor egon dira... Horregatik, urteurren jaialdi bat antolatu dute larunbaterako, eta herritar guztiei esker ona agertzeko, haien guztien ordezkari izango diren eragile batzuk gonbidatu dituzte saiora. Ane piratarekin parrandan ikuskizunean, abesti bakoitzean dantzara igoko dira eragileak.
Zumaian izango da Irrien Lagunen dantzaldia, larunbat honetan 18:00etan. Herri ikastetxeko frontoia dantzaleku ederra bilakatuko da, eta nahi duen orok hartu ahalko du parte (sarrerak bost eurotan salgai daude HITZAren bulegoetan eta Zumaian Turismo Bulegoan eta Aizpurua dendan). Oholtzara igoko dira gorputzak astintzera Zumaiako Herri Eskolakoak, Maria eta Jose Ikastetxekoak, Oikiako Eskolakoak, Zumaiako Bertso Eskolakoak, Zumaiako neska arraunlariak, AEK-ko ordezkariak eta Darahli eta Nava Jeevan elkarteetako lagunak. Etorri zu ere!