Garmendiazpi Elkartea sortu dute Anibarko Portuko auzotarrek

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ekainaren 18a

Garmendiazpi Elkarteko kideak. (Egilea: Aiora Larrañaga) Anibarko Portuko auzotarrek Garmendiazpi Auzo Elkartea sortu dute, auzoko beharrei irtenbidea bilatzen saiatzeko eta auzo dinamika sortzeko. «Auzoan genituen hainbat arazori konponbidea eman nahi genion, eta horretarako hainbat erakunderekin harremanetan jarri ginen. Gu nor ginen galdetzen zigutenean, ordea, Anibarko Portuko auzotarrak ginela erantzuten genien. Orduan sentitu genuen elkartea sortzeko beharra», azaldu du Alberto Agirreazaldegi elkarteko lehendakariak. Sorrera horretan 30 bazkidek osatu dute elkartea, eta proiektu berria auzotarrei zabaldu nahi diete. Horretarako, bihar, ostirala, 19:00etan aurkezpen ekitaldi bat egingo dute elkartearen lokalean, eta Anibarko Portuko bizilagunak bertara gonbidatu nahi dituzte. Egun Anibarko Portuan 500 bizilagun inguru bizi dira, eta auzoak aldaketa handia eman du azken bi hamarkadetan. «Duela 15 urte inguruko Anibarko Portua eta egungoa oso desberdinak dira, eta garrantzitsua da pixkanaka-pixkanaka arazoei aurre egitea eta auzoa hobetzea». Ildo horretatik, Garmendiazpi Elkarteko kideak azken hilabeteetan Orioko Udalarekin harremanetan izan dira, auzotarren premiak asetzeko hainbat proiektu bideratzeko. «Guretzat oso garrantzitsua zen Ibai Ondo parean bidegorri bat egitea. Izan ere, Anibarko Portuko auzotar askok bizikleta erabiltzen dugu egunero herrira joan-etorrian ibiltzeko, eta bidegorria egin duten arte kontrako norantzarekin topo egiten genuen Ibai Ondo parean». Horretaz gain, auzoko autobus geltokiaren parean ibilgailuen abiadura muga jaitsi dute, eta errepidean erdibidetzaile bat eraiki dute. «Orioko Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu uneoro izan duen jarreragatik eta eman digun laguntzagatik, besteak beste berak utzi baitigu elkartearen egoitza izango den lokala eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bitartekari lanak egin ditu. Guk aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko borondatea dugu», azaldu dute. Bihar, ostirala, arratsaldean Garmendiazpi Auzo Elkartea aurkeztuko dute, eta Anibarko Portuko jaiak ospatuko dituzte. «Nagusiki haurrei zuzendutako jaiak antolatzen ditugu. Auzoan haurrak dituzten familia asko bizi dira, eta horiek denek auzoko festez gozatzea nahi dugu», azaldu du Jesus Mari Alkorta jai batzordeko kideak. Auzotarrez gain, gainerako herritarrak ere festan parte hartzera animatu dituzte. «Gure helburua auzoa jendez betetzea da».    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide