Auzokonposta eta autokonposta indartu nahi dituzte Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ekainaren 18a

Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzeta eta Orioko alkate Beñat Solaberriera. (Egilea: Aiora Larrañaga) Ahal den hondakin gutxien sortzea eta sortzen den hori berrerabiltzea edo birziklatzea da Orioko Udalaren eta Urola Kostako Udal Elkartearen asmoa. Bide horretan, hondakin organikoarekin konposta egitea urrats garrantzitsua dela uste dute eta horretarako martxan dauden baliabideak indartu nahi dituzte Orion, auzokonposta eta autokonposta hain zuzen ere. "Etxean sortutako hondakin organikoarekin konposta egiten badugu, 5. edukiontzia ez dugu erabiliko, hondakinik ez dugu garraiatuko eta kudeatuko eta ez du kostu ekonomikorik eragingo" azaldu du udal elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak. Errefusaren edukiontzira hondakin organikoa botatzen ez bada gainera, kostu ekonomikoez gain, beste hainbat arazo ere ekiditen dira. "Zabortegiko kaioak, usaina, arratoiak eta lixibiatuak besteak beste" zehaztu du. Gaur egun, birziklatzeko kultura nahiko gizarteratuta badago ere, oraindik "asko dagoela hobetzeko" uste dute bi erakundeetako ordezkariek. Herritarrak errefusaren edukiontzira birziklatu daitekeen hondakin asko botatzen dela ohartzeko ostiralean 18:00etan Ikastola aurreko plazan bi errefusa edukiontzi aztertuko dituzte herritarren aurrean. "Getarian, Zarautzen eta Zumaian ere egin dugu azterketa eta bertan biltzen den gehiengoa hondakin organikoa dela ohartu gara. Dena dela, aspalditik birziklatzen diren ontzi arinak, papera eta beira zenbaitek oraindik ere errefuxaren edukiontzira botatzen dituztela ikusi dugu" adierazi du Guruzetak. Beñat Solaberrieta Orioko alkatearen esanetan Orion 57 familia ari dira hondakin organikoarekin konposta egiten. "Horietatik 27 familia etxeko lorategian jarrita duten konpostagailuarekin eta beste 30 familia auzokonposta egiten. Gure helburu oriotarrek konposta egiteko modu autonomoetan parte hartzea da". Horretarako irailetik aurrera oriotarrak etxean konpostagailua jartzera animatzeko kanpaina bat abiatuko dute eta auzokonposta guneen jarraipena egingo dute. "Egun auzokonposta egiteko hiru eremu daude herrian, Anibarko Portuan, Kiroldegi aurrean eta Abaromendin eta gure asmoa Gaztelekuaren inguruan beste bat jartzea da". Horietan parte hartu nahi dutenek 943-830346 telefono zenbakira hots egin edo bulegoak@oriokoudala.com helbidera idatzi behar dutek izena emateko. Hondakinen %45a birziklatzen da 2013ko azaroan Orioko Hondakinen Mahaiak erronka bota zien oriotarrei. Helburua 2015eko urtarrilerako hondakinen %65 birziklatzera iristea zen. Ordutik urte erdia pasa da eta birziklatze tasa "pixkanaka" gora doala azaldu du Orioko alkateak. "Orain arte gorako joera izan du eta %45a birziklatzera iritsi gara, baina kopuru horretara iritsita joera hori geratuko ez ote den kezkatuta gaude. Udan gainera, kanpotik jende asko etortzen da gurera eta askok ez dute izaten birziklatzeko ohitura". Datozen hilabeteetan ekoizle handiekin lan egitea da Orioko Udalaren asmoa. "Dagoeneko elkarte gastronomikoetan hondakin organikoak gaika biltzen dute eta jatetxe eta tabernetan ohitura zabaltzea da hurrengo urratsa" zehaztu du Solaberrietak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide