Azpeitiko Grumal lantegiko lanpostuak mantentzeko akordioa lortu dute

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 18a

Azpeitiko Grumal enpresako beharginen lanpostuak mantentzeko akordioa erdietsi dute sindikatuek Fagor Etxetresnak-en konkurtso prozeduraren baitan. Akordioaren eta ELAk hedabideei igorritako oharraren arabera, "behar besteko enplegua bermatuko da Grumal eta Edesako plantillek lanpostua izan dezaten, baita kalteordain duinak ere arrazoi pertsonalak medio aukera horretaz balio nahi ez dutenenetzat". Fagor taldeak hitz eman du, antza, mantentzen den edo sortzen den enplegu garbia erdibana izango dela bazkide kooperatibistentzat eta egun aktibo diren besteren kontuko langileentzat; kolektibo honi 150 lanpostura bitarteko kopurua bermatuko zaio, sindikatuak azken negoziazioetan aldarrikatu izan duen moduan. 150 lanpostu horiek egun oraindik existitzen ez diren lanpostuak dira, aurreikuspen batzuetan oinarritzen da zifra hori. Izan ere, Fagor Etxetresnen jabetzak eskuratzeko martxan dagoen enkantearen arabera, hainbat ekoizpen unitate berriro zabaltzeko itxaropena dago; Cevital, Cata, PHI eta euren asmoak oraindik jakinarazi ez dituzten beste taldeak, batez ere egosketa eta etxetresna txikietan ehunka lanpostu sortuko dituztela aurreikusi baitute administratzaileek. Lanpostu horietataik 150 Grumal eta Edesako langileentzat gordetzea da akordioaren bitartez bermatu dena. Baina, noski, jaso daitezkeen eskaintzen eta hartuko diren erabakien menpe dago guztia. ELA "oso pozik" agertu da lortutako akordioarekin. Gogorarazi du, ordea, "datozen hilabeteetan hitzartu dena gauzatzea falta dela" eta horrek "ardura handiz" jokatzea eskatuko duela akordioa sinatu duten alde guztietatik, "batik bat Fagorren eta proiektua bereganatzen duen enpresaren aldetik". Batzuek borroka, besteek lagundu ez  ELAk azaldu duenez, "akordio hau zazpi hilabetez langileek egindako borrokari esker" lortu da, "hauen lanpostuak mantentzea zen, baldintza berdinetan konkurtso-prozedurak eragindako behargin guztientzat". Era berean, "hainbeste jenderen aldetik jasotako babesa" eskertu dute langileek. Dena ez dira esker oneko hitzak ordea, Eusko Jaurlaritzaren jokabidea gogor kritikatu baitu sindikatuak. Euren ustez, ez Enplegu sailak ezta Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunekoak ez dute prozesuan "batere lagundu". Garapen eta Lehiakortasuneko sailaren inplikazioa "beharrezko" ikusten zuten, "kontuan izanda konkurtsoa herri honetako BPGaren %2 sortzen duen multinazional bati zegokiola", baina, "duela bi hilabete Arantza Tapia sailburuari bilera eskatu eta oraindik erantzunaren zain" daudela salatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide