Iñaki Uria: "Erabaki honekin gure sufrikarioa luzatu nahi du fiskalak"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko ekainaren 18a

Auzipetuen «sufrikarioa luzatuko duena» egin du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak: Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ixtearen aurka helegite bat aurkeztu du. Arrazoi bakarra eman du horren inguruan: «alde teknikoan eta forman akatsak» daudela. Fiskalaren arabera, «auzia ez dago preskribatuta», eta horri buruz «beste interpretazio juridiko bat» egin du. Edukian, berriz, ez du sakondu, Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epailea bera ere ez zelako edukian sartu jakinarazpen autoan. Zubimendik ekainaren 4an ebatzi zuen auzia artxibatzea. Auzipetutako Iñaki Uriak, Joxe Mari Sorsek, Mikel Sorozabalek, Fernando Furundarenak, Ainhoa Albisuk, Begoña Zubeltzuk, Joan Mari Torrealdaik eta Txema Auzmendik ustez 1998tik 2001era egindako delituak preskribituta daudelako itxi zuen kasua. Ustezko delituak diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea ziren. Errekurtsoa jartzeko epe bat eman zion fiskalari orduan. Fiskalak, epaiketa aurreko saioan, apirilean, agindutakoa bete du orain. «Baliogabetasun, preskripzio eta urratze eskaera ororen aurka» egingo zuela ohartarazi zuen, eta hala egin du. Hilaren 11n aurkeztu zuen helegitea, eta horrekin berretsi egin du duela 11 urte eskatutakoa: guztira  128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euroko isunak zortzi auzipetuentzat. Zigorra aldez aurretik Uria zarauztarrak ez du ulertzen fiskalaren jokabidea: «Ez dugu ulertzen guk, eta ez du ulertzen ez euskal gizarteak, ezta erakunde publikoek ere». Epaileak auzia itxi zuela iragarri zuenean «zama handia» kendu zuten gainetik Uriak eta gainontzeko auzipetuek, «11 urtean gainean eramandako pisua». Eta «pozik eta arinduta» sentitzen zirela aitortu zuen. Orain, beste «kolpe bat» jaso dute eta «haserre» dago Uria: «Behin pentsatzen duzunean guztia amaitu dela, berriz ere honekin hastea kolpe gogorra da, bai guretzat, bai inguruko guztientzat. Badirudi fiskalak daukala borondate osoa epaiketara iristeko». Horrekin, gaia luzatu besterik ez dela egingo uste du zarauztarrak, eta auzitegira joan beharko dutela, auzitegiak helegitea onartuz gero, osorik edo partzialki. Kasua Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku dago orain. Defentsako abokatuek helegitea inpugnatuko dutela jakinarazi du zarauztarrak, eta inpugnazio hori onartu eta auzia behin betiko itxi ala fiskalaren errekurtsoa onartu erabaki beharko dute epaileek. Hilabete batzuk pasa daitezke hori jakiteko. Hala ere, Uriak aitortu du ez dutela epaiketaren «beldurrik», «errugabeak» direlako: «Errugabeak gara, ez guk esaten dugulako; Eusko Jaurlaritzak eta denek esan dute hori». Hain zuzen, aldundiak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak bi txostenetan esan izan du laguntzak legezkoak zirela. Hori dela eta, berretsi du fiskalak ez duela «heldulekurik», baina era berean, gogoratu du fiskaltza bezalako erakunde «jerarkiko» bat Jaurlaritzaren «gainetik» dagoela. Edonola ere, erabaki horrekin «aldez aurretik zigorra betearazten» ari direla dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide