Ihintz Linazisoro, guraso zumaiarra: "Umeen eskubidea da"

Baleike 2014ko ekainaren 18a

[caption id="attachment_100000" align="aligncenter" width="300"]Ihintz Linazisoro (Izaskun Urbieta/ Baleike) Ihintz Linazisoro (Izaskun Urbieta/ Baleike)[/caption] Kezkatuta agertu dira Zumaian hainbat eragile eta herritar. «Lehendabizi, famili mediku euskaldun bat, soilik gaztelaniaz dakien batengatik ordezkatu zuten, eta orain, pediatra berria ere, erdalduna etorri da», aipatu du Ihintz Linazisorok. Guraso bezala, kezkatuta azaldu da, eta hori dela eta, sinadura bilketa bat egingo dute gaur. LAB sindikatuak eta Zumaiako Udalak ere salatu egin dute egoera. Zein da egoera momentu honetan? Bi pediatra genituen Zumaian, bat euskalduna eta bestea erdalduna. Orain, ordea, euskaldunaren ordez etorri denak ere ez daki euskaraz. Beraz, bi pediatra erdaldun ditugu momentu honetan. Hitz bakar batzuk badakizkite euskaraz, baina azalpenak emateko ez dira gai. Orduan, gurasooi gaztelaniaz azaltzen digute, baina umeekiko gertutasun hori galdu egiten da. Horretaz gain, famili medikua ere aldatu egin dute. Bai, berri bat ekarri dute eta honek ere ez daki euskaraz. Eta bi aldaketak batera gertatu dira. Biak dira egoera kezkagarriak, baina guri, guraso bezala, gehiago eragiten digu pediatraren kasuak. Izan ere, gure umeek euskaraz dakite, ez erdaraz, eta horrek ez du komunikazioa ahalbidetzen. Zer pauso eman dituzue? Lehendabizi udaleko euskara teknikariarekin jarri ginen harremanetan, eta hark udaletik zerbait egingo zutela esan zigun. Baina guk, guraso bezala, zer egin genezakeen galdegin genuen, eta hasiera batean, anbulatorioan bertan dauden erreklamazio orriak bete genituen. Baina horrekin nahikoa ez dela pentsatu dugu, eta guraso batzuek idatzi bat prestatu eta sinadurak jasotzea adostu dugu. Ondoren, Osakidetzara bidaltzeko intentzioa dugu, ikus dezaten gurasoak ere kezkatuta gaudela. Erreklamazioen erantzunik jaso al duzue? Ez, dirudienez hilabete baten bueltan erantzuna etxera bidaliko dute. Baina ez da oraindik hainbeste denbora pasa. Sinadura bilketa bihar, osteguna, izango da. Bai, Juleneko eta Sagarbideko eraikinetako atarietan jarriko gara 12:30ean. Eta ziurrenik  Arrangoleta Haurreskolan eta Eskola Txikian ere bai. Gurasoez gain, irakasleak ere prest azaldu dira ekintza honen alde. Asko gurasoak ere badira, eta egoera kezkagarria iruditzen zaie. Ondoren, sinadurak Osakidetzara bidaliko dituzue. Zer lortuko da zuen ustez? Ez dakigu. Baina gure helburua kasu egitea da, eta ikustea, kezkatuta gaudela. Umeak euskaldunak dira, Zumaia oso herri euskalduna da, eta beraiek hurbiltzeko eta komunikatzeko euskaraz dakien mediku bat behar dute. Bestela ere medikuarengana joateko nahikoa beldur izaten dute, edo ahalegina egin behar dute, eta horri beraiena ez den hizkuntza batean hitz egitea gehituta... Hizkuntza komunikazio tresna bat da, eta ez badaki medikuak euskaraz, behar duten hurbiltasun hori galdu egiten da. Ez da umeekin harremana estutzea lortzen, eta egoera edo distantzia hori apurtzeko euskara beharrezkoa da. Gainera, eskubidea dugu, eta umeen kasuan beharrezkoagoa dela iruditzen zaigu. Iniziatiba hau guraso elkartetik dator? Ni Lubaki Guraso Elkarteko partaidea naiz, eta horren barruan, Euskararen Aholku Batzordeko kidea. Proposamen hau, eta Osakidetzara bidaliko dugun idatzia, batzordeko guraso eta irakasleok egin dugu. Baina egia da, guraso elkartean komentatu dugun gai bat dela, eta guztiok ados gaude denoi eragiten digula. Zer egin beharko litzateke hau ez gertatzeko? Hemen lana egin behar duten pertsonei, gutxieneko baldintza eskatu. Beste toki batzuetan eskatzen da. Badakit ordezkoen zerrendan egoteko, euskararen profil bat izatea eskatzen dutela, baina hori ez da nahikoa, eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea eskatu beharko litzateke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide