Azkoitian Bilduren «utzikeria» salatu du PSE-EEk

Ane Olaizola 2014ko ekainaren 18a

Azkoitiko PSE-EE alderdiak udal gobernuaren «utzikeria» salatu du ohar bidez, eta ondorioz herriaren egoera «tamalgarria» dela esan du. Besteak beste, kritikatu dute «beren lekutik ateratako baldosengatik, herdoildutako barandengatik, kalean utzitako hondakinengatik eta umeen jolas parkeen egoera txarrarengatik». PSE-EEren ustez, udalak bideko garbiketan egindako murrizketek «ondorio larriak» izan dituzte, eta «hori oso agerikoa da, batez ere kanpoaldeko auzoetan». Era berean, udal gobernuak  konpromiso batzuk ez dituela bete salatu dute, eta Lidl saltoki inguruan areka bat jartzea, anbulatoriotik Kale Nagusirako bidea konpontzea eta Azkoitia eta Loiola arteko bidegorrian bainu publiko bat egitea jarri ditu adibidetzat. Ildo horretatik, musika eskolako proiektu berria «utzita» dutela eta San Martin kaleko aparkalekuen «arazoa konpondu gabe» dagoela adierazi dute. Hondakinen kudeaketan, Azkoitia Baik eta Bilduk izan duten jarrera ere kritikatu du alderdiak. «Inposaketa» gisara jo dute sistema mistoa jartzea, «herritarren nahia» ez dutelako kontuan hartu, Azkoitiko PSE-EEren iritziz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide