Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udararekin batera, ohikoa izaten da herriko umeei aisialdi zerbitzua eskaintzeko udalekuak egitea. Gainera, ohiko udalekuez gain, azken urteetan areagotu egin dira gai jakin baten inguruko udalekuak. Joera horiek bultzatuta, Azkoitian ere umeentzako zerbitzu berri bat izango da aurten udan partean, lehenengo aldiz ingelesezko udalekuak antolatu baitituzte uztailerako.
Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako Udaberri Indarlan Guraso Elkarteak antolatu ditu lehenengoz ingelesezko udaleku irekiak, Enjoy beste hizkuntzetan izenburupean. LH 3. mailatik DBH 4. mailara bitarteko ume eta nerabeei zuzendutako zerbitzua izango da, taldearen ustez, adin tarte horretakoen aisialdi eskaintzan «hutsunea» dagoelako herrian: «Bederatzi urtetik hamabost urte ingurura bitarteko umeentzako izango dira udalekuak, herrian dauden beste udalekuak gazteagoei zuzenduta daudelako». Beste herri batzuetan ere guraso elkarteek halako ekimenak martxan jarrita dituztela eta, haien esperientzietatik abiatuta pentsatu dute bestelako aukera bat eskaintzea Azkoitian.
Hizkuntzak, eta batez ere ingelesak duen garrantzia kontuan hartuta, antolatzaileei interesgarria iruditu zaie gisa honetako zerbitzua prestatzea. Hala, jolasak eta ingelesa uztartuko dituzte bertan. «Ingelesa praktikatzeko modua izango dute bertan. Helburua ez da ingelesez ikastea, ondo pasatzearekin batera hizkuntza horretara gerturatzea baizik». «Metodologia komunikatiboa eta interaktiboa» erabiliko dutela aurreratu dute, eta jolasaz gain, kultura, kirola eta natura izango dituzte ardatz.
Egunero LHko ikasleek ordubeteko eskola bat jasoko dute, eta bi orduko jolasak izango dituzte gero. Helduagoek, berriz, bi orduko eskolak jasoko dituzte, jolasak egin aurretik. Akademia batek kudeatuko ditu udalekuak, eta hango irakasleak izango dira irakasle eta begiraleak.
Ekainaren amaieratik hasita, uztailean izango dira udalekuak, bi hamabostalditan banatuta. Adin tarte horretako edonork eman ahal izan du izena. Dagoeneko epea itxita dago, eta aurten 120 ume inguru arituko dira udaleku horietan, batez ere Lehen Hezkuntzako ikasleak. Lehenengo urteko harreraren inguruan «harrituta» daudela aitortu du guraso elkarteak; «espero genuen jendeak parte hartuko zuela, baina uste baino gehiagok eman dute izena. Herritarrek aukera berri bat ikusi dute, eta proba egin dute, ingelesa erakargarria delako askorentzat». Hala, hasiera batean aurrerantzean ere udaleku horiek antolatzen jarraitzeko asmoa du taldeak.