Historiaurreko Olinpiadak jokatuko dituzte aurten Zestoako Ekainfest ekitaldian

Ane Olaizola 2014ko ekainaren 18a

Ekainaren 28an ospatuko dute Ekainfest ekitaldia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zestoako Udalak eta Ekainberrik astelehenean egin zuten aurkezpenean jakinarazi zutenez, «berrikuntzaz beteta» dator aurten ekitaldia. Besteak beste, estreineko aldiz Historiaurreko Olinpiadak egingo dituzte. Aurten, gainera, Suaren etorrera antzerki obra Zestoako Interpretazio Eskolak eskainiko du, iluntzean. Bosgarren urtez, Historiaurrera egingo dute salto Zestoan egun horretan, eta aurreko urteetako partaideen «harrera onari» erantzuteko asmoz, ekintza ugari prestatu dituzte antolatzaileek. Erakundeen arabera, Ekainfest-en ezaugarri nagusiak «partaidetza eta kultur eta ondare-transmisioa» dira. Garazi Lopez Etxezarreta aldundiko Kultura zuzendariaren esanetan, festa honen bidez kultura eta ondarea modu ludikoan gizarteratzea lortzen da. Beste urte batez, Ekaingo koban duela 14.000 urte zaldiak marraztu zituztenei omenaldia egingo diete Ekainfesten, arbasoen bizimodura hurbiltzeko ekintzen bidez. Herritarrak, ohi bezala, lan horretan parte aktiboak izango direla azpimarratu dute antolatzaileek. Ice Age Europe sarean Ekainberri Fundazioa, bestetik, Ice Age Europe sareko kide egin dela jakinarazi zuen Lopez Etxezarretak: «Izotz-aroko ondarearekin zerikusia duten Europako zenbait toki biltzen ditu sare horrek. Badira tartean Museoak  (Solutrelko museoa, Frantzian, Neanderthal Gizakiaren Museoa, Alemanian, Gizakiaren Eboluzioaren Museoa eta Altamirakoa Espainian); baita bisitagarriak diren labarretako artea duten haitzuloak ere (Tito Bustillo Espainian eta Isturitz eta Otsozelaia, Ipar Euskal Herrian) nahiz haitzulo horien erreplikak (Ekainberri eta Santimamiñekoak). Elkarlanean arituko gara, bai ikuspegi zientifikotik, bai jendea erakartzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide