Herriko industriek ingurumenean duten eragina aztertuko du Zarauzko Udalak

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 18a

Zarauzko Udalak «ezinbestekotzat» jo du ingurumenean eragina duten jarduerak ezagutu eta erregularizatzea, eragin hori ekidin edo murrizte aldera. Horrenbestez, Abendaño industriaguneko lokaletako jarduerei buruz informazioa bilduko du lehenbizi. Besteak beste, jarduera bakoitzak zein hondakin sortzen dituen aztertuko du, baita ur sarera eta airera zer isurtzen duten ere. Horrez gain, eraikinek suteen aurkako zein babes maila duten ere ikertuko du. Helburu horiekin programa berezi bat jarri du martxan udalak. Lehen fasea Abendañon egingo dute, baina udalaren asmoa herriko industriagune guztietara iristea da. Arduradunekin elkarlanean jardungo du, horien jarduerak legeztatzerakoan izan ditzaketen zalantzak argitu eta tramiteak egiten laguntzeko. Ildo horretatik, Zarautz Ehuntzen egitasmoko 33. puntuan hartutako konpromisoa betetzen jarraituko duela jakinarazi du Zarauzko Udalak. Egitasmoari buruzko informazio gehiago aurki daiteke www.ehuntzen.info webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide