Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mozio askoko udalbatzarra izango da gaurkoa Zarautzen. Batetik, PSE-EEk mozio bat aurkeztu du udalak beharra duten familiei hezkuntzako gastuekin laguntzeko. 2014ko aurrekontuak negoziatzerakoan akordioetara heldu ziren PSE-EE eta EH Bildu. 14 proposamen egin zituen alderdi sozialistak, eta horietatik 11 onartu zituen udal gobernuak. Horien artean, hezkuntza arloan ikasturte hasierako gastuei aurre egiteko «zailtasunak» dituzten herritarrei lagunduko ziela hitz eman zion PSE-EEri. Orain EH Bilduk emandako hitza «ez du bete», sozialistek salatu dutenez. «Aurreko astean erantzun dit arduradunak diru laguntza hori ez dutela emango, ez delako beharrezkoa», azaldu du Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak.
Hain zuzen, hilabete bukaerara iristeko «oztopoak» dituzten norbanakoei lagundu ohi die udalak, baina laguntza horiek eskatzeko «baldintza zehatzak» bete behar direla esan du Vazquezek: «Guk aukera hori zabaltzea proposatu genuen, eta horretarako oinarriak prestatzeko laguntza eskaini». Hala ere, «ezetz» erantzun die udal gobernuak, eta hori onartezina da PSE-EErentzat: batetik, akordio politikoa hautsi duelako, eta bestetik, herritarrei laguntza «ukatu» dielako. Hala, udalak diru laguntza horiek emateko prozedura «lehenbailehen» abia dezan eskatuko du mozioarekin.
Udalak, ordea, jakinarazi du eskola materialarekin laguntzeko 15.000 euro gehiago bideratuko duela aurten. Gogoratu du Gizarte Zerbitzuek aurretik ere bazutela horretarako partida bat gordeta—181.369 euro—, eta orain «areagotu» egin dutela diru kantitate hori. Bestelako kasu zehatzetarako, etxegabetze kasuak, esaterako, ematen dituen laguntzekin batera, guztira 200.000 euro bideratu ditu aurten udalak. Eskola materiala erosi ahal izateko diru laguntza eskatzeko, Gizarte Zerbitzuetarajo beharko dute herritarrek.
Laguntza horiek emateko prozedura azkartzeko eskatzeaz gain, asteburuetan Deba eta Donostia arteko gaueko tren zerbitzuaren ordutegia zabaltzeko mozioa ere aurkeztuko du PSE-EEk, urgentziaz: «Udan herritarrak gehiago mugitzen dira herri batetik bestera, eta orduan izaten da arrisku gehien errepidean». Urgentzia onartzen badute eztabaidatuko dute gaia. Zumaian ere aurkeztuko dute proposamena, hilaren 26ean. Era berean, haurren elikadura babesteko planaren inguruko eta udaltzainak erretiratzeko adina aurreratzeko mozio bana ere aurkeztuko ditu.
Erreferenduma bai ala ezHerritarrek errepublika ala monarkiaren artean «aske» aukera dezaten, Espainiako Gobernuak erreferenduma egin dezan nahi du Ezker Anitzak. Eta hori eskatzeko Zarauzko Udalbatzaren babesa galdegingo du gaur alderdi horrek, mozio bidez.
«Herritarrek eurei eragiten dieten erabakiak hartzerakoan euren iritzia kontuan izatea nahi dute, geroz eta indar gehiagorekin ari dira hori eskatzen», nabarmendu du Ezker Anitzako zinegotzi Mariana Aranburuk.
Haren arabera, «ezinbestekoa» da herritarrei hitza ematea une honetan. «Espainiako Gorteek Felipe Borboikoa errege izendatzen badute herritarrei euren iritzia galdetu gabe, haientzat ez du inongo legitimitaterik izango eta ez dute estatuburu gisa aitortuko», nabarmendu du.
Bilduk eta Aralarrek ere Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren aurrean proposamena aurkeztuko dute gaur, baita Desembarco del Granma eta SierraMaestra-Euskadi elkarteen idatzia ere, AEBetan kondenatutako bost kubatarrei buruzko mozioa.