Azkoitiko eta Azpeitiko udalek txandaka kudeatuko dute Munoaundi

Ane Olaizola 2014ko ekainaren 18a

Munoaundiko indusketak iaz. Munoandi Azkoitiko eta Azpeitiko herri harresituan urtero egiten dituzten indusketak Iraurgi Lantzen-ek eta ondoren sortutako Iraurgi Berritzen bailarako garapen agentziak koordinatu izan ditu urteetan. Iaz bat egin zuten Iraurgi Lantzen-ek, handik sortutako Ezagutza Guneak eta Loiola Berrikuntza Fundazioak, eta orduan iragarri zuten hainbat eskumen udalen esku geratuko zirela. Horietako bat aztarnategiaren kudeaketa izango da. Bi udalek onartutako hitzarmenaren arabera, Azkoitiko eta Azpeitiko udalek kudeatuko dute aurrerantzean Munoandiren jarduera. Bi udalen artean bost urteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute ikerketa arkeologikorako zerbitzua kontratatzeko, kudeatzeko eta finantzatzeko. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzei esker egiten dituzte indusketak, eta aurrerantzean udalen ardura izango da gisa horretako tramiteak egitea. Urtero udal bat arduratuko da kudeaketa horiez. Aurten, Azpeitiko Udalak izango du erantzukizun hori, eta urtero txandakatzen joango dira. Era berean, urtero finkatuko dituzte urtez urteko eginkizunak. Udal ordezkariek osatutako batzorde batek kudeaketa horien jarraipena egingo du. Udan jarraituko dute lanek Azkoitiko eta Azpeitiko lurretan dago aztarnategia, eta 2006tik lan arkeologikoa egiten ari dira han, Aranzadi zientzia elkartearen zuzendaritzapean. Azken urteetan lehen fasean aritu dira, baina oraindik horko lan batzuk amaitu gabe daudela gogoratu du Azkoitiko Udalak. Fase hori amaitzeko lanekin batera, 2014-2018 epealdiko bigarren faseko lanak hasiko dituzte uda honetan. Uztailean eta abuztuan hogei ikaslek hartuko dute parte indusketetan, Aranzadiko arkeologoen ardurapean. Urtero bezala, materialen analisia eta ikerketa egingo dute, eta dokumentazio grafikoa antolatuko dute. Landa-lanak amaitzean behin-behineko txostena idatziko dute. Iaz bi zonaldetan aritu ziren lanean, aztarnategiaren mendebaldean dagoen 1. Eremuan eta hego-mendebaldean dagoe nBigarren Eremuan, hain zuzen. Lehenengoan herri harrestiturako sarrera babesten duen hegoaldeko babes-egituraren oin-plano ia osoa mugatzea lortu zuten iaz. Bertako hareharrizko hormek osatzen dute babes-egitura hori, bata bestearen gainean lehorrean jarrita, inolako kareorerik erabili gabe. Bigarren Eremuan ere aritu ziren iaz lanean. Goiko aterrazamenduari dagokion eremua da, 425 metro koadroko eremu bat. Etxebizitzen eta eguneroko bizitzarekin lotura duten materialen bila ari dira bertan, eta bi metroko diametroa duen errekuntza-egitura bat topatu zuten iaz. Aurtengo lana Lehen Eremuko lanak bukatzea eta Bigarren Eremuko lanetan sakontzea izango da. Baina, arduradunek adierazi dutenez, hirugarren eremu berri bat ere aurkitu dute, aterrazamendu berri bat, eta horrek etorkizuneko azterketetarako bide berriak zabaldu ditzakeela adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide