Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak uste du Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ez dagoela preskribatuta, eta, ondorioz, kasua artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztu du, Efe berri agentziari Fiskaltzako iturriek jakinarazi diotenez.Akusazioaren arabera, helegitea sartzearen arrazoia "formazkoa eta soilik teknikoa da" eta "preskripzioari buruz beste interpretazio juridiko bat" egin du. "Ez da edukian sartzen, epailea ere ez zelako sartu jakinarazpen autoan". Fiskaltzak apirileko aurretiazko saioan iraharri zuen auzia bertan behera uzteko "baliogabetasun, preskripzio eta urratze eskaera ororen" aurka azalduko zela. Hitza bete du. Kasua Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku geratuko da orain.Fiskaltzak uste du zortzi akusatuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zutela. Dena dela, Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak bi txostenetan esan izan du laguntzak legezkoak zirela.
Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat 128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euroko isunak eskatu zituen Fiskaltzak aurretiazko saioan, apirilean.
Ekainaren 6an dozenaka eragilek Fiskaltzari helegiterik ez aurkezteko eskatu zioten, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako bilkura batean.
2003ko urrian izan zen auzi ekonomikoko operazioa. Zortzi hilabete lehenago euskarazko kazeta itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak —honek 2010eko apirilean absoluzioa eman zuen, Egunkaria eta ETAren arteko harremanik ez zegoela argudiatuta—. Auzi ekonomikoa orduan Auzitegi Nazionaletik Gipuzkoara igorri zuten, ustezko delituak "arruntak" liratekeelako, ez "terrorismoarekin" lotutakoak.