Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, Orioko alkate Beñat Solaberrieta eta Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Murua. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Larunbatean Orio bertsolaritzaren hiriburua bihurtuko da egun batez. Izan ere, bigarren urtez Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatuta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala antolatu dute Orion. Lurralde bakoitzeko 15-18 urte bitarteko txapeldunak eta txapeldunordeak bilduko dira oholtza gainean larunbatean. Orioko alkate Beñat Solaberrietaren iritziz, oriotarrentzat "ohore handia da" maila horretako ekimena bigarren urtez Orion egitea. "Zazpi probintzitako bertsolari gazteak bilduko dira herrian eta hori aberatsa eta ederra da, herri bezala indartzen gaituelako". Bestalde, nabarmendu du garrantzitsua dela euskalgintzako bi erakunderen elkarlana Orion gauzatzea. "Gure ustez herri mugimendueei laguntzean dago gakoa eta hori egiten dugu urtean zehar. Orioko Herri Ikastolari bere proiektua aurrera ateratzen laguntzen diogu hitzarmenaren bidez; Errikotxia Bertso Eskolaren eskola eta saioak laguntzen ditugu eta Bertsozale Elkartearekin elkarlanean
Gu ere bertsotan proiektua lantzen dugu herriko bi ikastetxetan". Larunbatean txapelketak eta egun osoko jaiak behar dituen azpiegiturak jarriko ditu Orioko Udalak.
Aldaketak txapelketan
Aurtengoan filosofian eta formatuan berrituta iritsiko da bertsolari gazteak biltzen dituen txapelketa. Bertso eskolekin eskolarteko txapelketari buruzko gogoeta bideratu zuten antolatzaileek eta hausnarketa horretatik abiatuta aldaketa garrantzitsua eman dute. «Lehen aldiz, 15 urtez beherako haurrek ez dute txapelketa jokatuko. Lehiarik gabeko saioetan kantatuko dute gaztetxoek. Horretarako ekimen desberdinak egin dituzte txapelketan zehar: bertso merenduak eta saio didaktikoak besteak beste» azaldu du Bertsolari Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak
15-18 urte bitarteko bertsolarietan zentratu da aurten Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Denera 37 bertso eskoletako 132 bertsolari aritu dira lehian eta lurralde bakoitzeko txapeldunak eta txapeldunordeak sailkatu dira finalerako.
EGITARAUA
-11:00etan bat-bateko txapelketako finala jokatuko da Karela Kiroldegian.
-14:00etan herri bazkaria izango da herriko plazan, bertako produktu ekologikoekin egina.
-15:00etan bertso eskolek emanaldia egingo dute. Obaneuke erromeria taldeak saioa eskainiko du.
-16:00etatik 18:00etara bertso eskolek emanaldia egingo dute.