Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikastaroak 8 urtetik 17 urtera bitarteko herriko haur eta gazte guztiei zuzenduta daude, nahiz eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleak ez izan. "Ikastaroen helburua robotak eta bideo jokoak sortuz ikasleek ondo pasatzea da. Izan ere, taldea da prosezu honen guztiaren protagonista", esan dute ikastetxeko arduradunek.
Hiru ikastaro mota antolatuko dituzte. Lehenengoan, robotikaren hastapena landuko dute Lehen Hezkuntzako 2., 3. eta 4. mailakoek. Bertan, engranajeak, gurpilak, ardatzak, palankak, txirrikak eta horrelako mekanismoak erabiliko dituzte robotak programatzen eta sortzen ikasteko. "Hau guztia, ideiak sortzen irtenbide sortzaileak bilatzeko eta taldean lan egiteko helburuarekin", esan dute Iraurgitik.
Bigarrengo ikastaroa bideo jokoena izango da, eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei zuzenduta dago.
Robotika da hirugarren ikastaroaren ardatza. Ikastaro horrek Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko 2. maila bitarterako ikasleak bilduko ditu. Bertan mekanika, mugimendua, sentsoreak, logika, kontrola eta programazioa landuko dira DoPlay! enpresak eskainiko duen Lego Mindstorms EV3 ordenagailu programaren bitartez.
Ikastaroen ordutegia 09:00etatik 13:00etara izango da Iraurgi Ikastetxeko egoitza nagusian, eta bi txanda egongo dira:
- 1. txanda: ekainaren 30etik uztailaren 4ra.
- 2. txanda: uztailaren 7tik uztailak 11ra.
Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko Iraurgi Ikastetxeko 943-810210 telefono zenbakira deitu daiteke.